Sanpedroak joan dira, baina ez momentu eta irudi gogoangarririk utzi gabe. Festa Batzordeak jai ondorengo batzarrik egin ez badu ere kalean ibili den edozeinek ikusi du jende asko ibili dela egunez kalean eta ekitaldiak ere oso jendetsuak izan direla, hori esan du, hain zuzen ere, Jon Agirresarobe kultura zinegotziak.
Ekitaldi batzuk ere aipatu ditu Agirresarobek, besteak beste urtero ohikoa den bezala txupinazoa. Ostegun gaueko ekitaldiak bildutako jendeak harridura ekarri zuen. Sorpresa polita izan zen, gaueko erromerian, jende heldu asko plazan dantzan ikustea.
San Pedro egunak oro har izandako erantzunarekin ere gustura azaldu da kultura zinegotzia. Haurren danborrada berrikuntza izan da aurten eta haurrek erakargarritasun handia dutenez kalean, haien inguruan, jende asko elkartu da. Trikitixa txapelketan eta literatur lehiaketako sari banaketan ere jende asko elkartu zen. San Pedro Eguna asteguna izan arren plazan hainbeste jende ikustea positiboa da. Arratsaldean ere castellersak ikusten jendetza elkartu zen eta harridura sortu zuen ekitaldi bereziak. Afaltzen 300 pertsona izan ziren eta gaueko kontzertua ere deigarria izan zen. Herriko 7 musikari elkartu eta plazan elkartu zen besteko jendetza batzeko gaitasuna izatea sekulakoa da, San Nikolasetan herriko 3 disko jartzaileekin ere ikusi zen hori.
Larunbatean, plazan, traineruen aurkezpena, azoka eta sagardo dastaketa izan zen eta triatloia Ikastola inguruan, beraz, jendea sakabanatuta egon zen, baina, hala ere, bietan jende dezente ibili zen.
Igandea goizean eguraldi txarra izan arren, jende asko gerturatu zen plazara Kulturaniztasunaren jaiaren aitzakian. Kulturaniztasunaren jaia edozein asteburutan egin beharrean San Pedrotako egitarauan sartu izanak indartu egin du eta kulturaniztasunaren jaiak berak ere festak indartu dituela ere esan daiteke. Izan ere, jaiak bukatzen diren igandea motela izan ohi da eta honek aurtengoa bizitu egin du, esan du Jon Agirresarobek.
Batik bat sanpedroek egunez izan duten arrakasta eta kalitatea azpimarratu ditu zinegotziak. Gauez ez dira Sanikolasak bezain jendetsuak izan besteak beste inguruko herri askotan ere festak direlako, baina oro har pozik gaude festek izan duten erantzunarekin.
Hemen ikus ditzakezue San Pedro festek utzitako hainbat irudi.