San Pedro egunez jokatu zen trikitixa txapelketa Orioko plazan. Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako bederatzi trikitilari bikotek hartu zuten parte:
- Ander Beldarrain (Orio) eta Eider Iraola (Zestoa)
- Itsaso eta Irune Elizagoien (Etxalar)
- Josune Arakistain (Lastur) eta Alaitz Eskudero (Deba)
- Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea (Arrasate)
- Paul Eizmendi (Donostia) eta Eider Manso (Lasarte)
- Beñat Ganboa eta Lur Gurrutxaga (Aretxabaleta)
- Erika La Villardi-Isasi (Donibane Lohitzune) eta Maddi Sarasua (Itsasu)
- Leire Etxezarreta eta Maider Azkarraga (Arrasate)
- Maite Subijana eta Jone Pagaldai (Getaria)
Bikote bakoitzak hiru pieza jo behar izan zituen: trikitixa; porrusalda, fandangoa edo arin-arina aukeran eta poupurria. Edurne Iturbek eta Imanol Urkizuk osatutako epaimahaiak piezen zailtasuna, bi trikitilariak bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta panderojolearen lana hartu zituzten kontuan eta lan guztiak amaituta herrian gelditu zen lehen saria –txapela eta 280 euro–, izan ere, Ander Beldarrain izan zen irabazle Eider Iraolarekin batera. Bigarren saria –trofeoa eta 190 euro– Elizagoien ahizpentzat izan zen; eta hirugarrena –130 euro– Josune Arakistain eta Alaitz Eskuderorentzat. Gainontzeko bikoteek 80na euro jaso zuten.
Festetako beste ekitaldiak tarteko saioa atzeratu bazen ere jende asko izan zen plazan trikitilariak entzuten eta epaimahaikideen esanetan maila ona eman zuten. Oro har horrelako txapelketetan maila gora egiten ari da azken aldian eta Oriokoan ere hori ikusteko aukera izan zen, dio Imanol Urkizuk.