Uztailaren 19tik 22ra bitartean izango da aurtengo Bisiguaren Festa

Irati 2012ko uztailaren 3a

Txartelak salgai daude Orioko turismo bulegoan 45 euroan

Donostiako portuko lonjan aurkeztu dute aurten, uztailaren 19tik 22ra bitartean, Orioko plaza inguruan egingo duten Bisiguaren Festako bosgarren edizioa. Egun horietan Oriora gerturatzen direnek bost platerez osatutako 45 euroko menua dastatu ahal izango dute, betiere aurrez txartelak hartuz gero. Horretarako Orioko Turismo Bulegora joan edo 943 83 09 04 telefono zenbakira deitu beharko da 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte.

Guztira 500 bisigu erreko dituzte lau egunetan barrena eta alkatearen esanetan jaialdi gastronomikoaren helburua da, oriotarrei eta gure herrira gerturatzen diren guztiei bisigua prezio erakargarrian jateko aukera ematea, baita herriko eragileekin elkarlanean antolatu ditugun ekitaldiekin aisialdirako aukera eskaintzea ere.

Aurreko edizioetan bezala, Katxiña jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixarioko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari Erretegiko Mikel Manterola arituko dira parrillero lanetan. Erakusten duten profesionaltasunagatik, parrillarako daukaten abilezia Bisigu Festaren zerbitzura jartzeagatik, lanerako erakusten duten prestutasunagatik…, baina batez ere Bisigu Festari eskaini dioten fideltasunagatik hiru parrilleroen lana aitortu du alkateak.

Bisiguterarik gabe

Joxe Miel Zendoia Katxina jatetxeko parrilleroak, Bisiguaren Festa goraipatu du hiru parrilleroen izenean: Onuragarria da bai herriarentzat eta baita herriko ostalariontzat ere. Orion aspaldikoa da bisigua erretzeko ohitura, eta inguruko herrietatik jende asko etortzen da gure jatetxeetara bisigua jatera. Horri eustea garrantzitsua da eta zentzu horretan iruditzen zait Bisiguaren Festak bultzada handia ematen diola.

Bisigua erretzeko Orio Estiloaren berri ere eman du. Sukaldarien hitzetan, berezitasuna bisiguak erretzeko moduan dago: Orion ez dugu bisiguterarik erabiltzen, bisiguak zabaldu eta parrillara botatzen ditugu. Hitzez ez ezik bisiguak Orio Estilora nola erretzen diren azaldu dute aurkezpenean bertan bisiguak parrillan jarrita.

Bisiguaz gain beste jatekoak

Bisigua protagonista izango bada ere, otorduekin batera beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horietarako. Horretarako herriko eragileen inplikazioa eta laguntza izan dute. Herritarrekin elkarlanean aritu gara. Herritarrak festan inplikatuta ikusi nahi ditugu eta horretarako ezinbestekoa da festaren antolaketan inplikatzea, azaldu du alkateak. Horren harira besteak beste honako hauek nabarmendu ditu egitarautik:

  • Pintxo txikiteoa, ostegun iluntzean

  • Marmitako dastatzea, larunbat eguerdian

  • Bisigu lehiaketa, larunbata eguerdian

  • Hegaluze dastatzea, igande eguerdian beste

  • Mus Ikurrinaren lehenengo edizioa, larunbat arratsaldean

  • Bisiguaren Bandera, igande goizean

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide