Badira bi hilabete Udalak, asteburuetan, Herriko Plaza oinezkoentzat uztea erabaki zuenetik. Tarte horretan herritarren eta merkatarien proposamenak jaso dituzte Udalean eta horiek aztertu ondoren, erabaki dute aurrez hartutako hainbat erabaki aldatzea. Bi dira egingo dituzten aldaketa nagusiak:
-
Plaza inguruko dendariek eskatuta, herritarrek aukera izango dute plazara ibilgailuan sartzeko larunbat eguerdira arte, erosketaren bat egiteko edo jeneroa kargatzeko eta deskargatzeko. Ibilgailuen zirkulazioa goizeko zortzietan bideratuko da moila aldera, orain arte bezala; baina, behar dutenek aukera izango dute plazara sartzeko. Larunbat eguerditik aurrera guztiz itxita geratuko da plazarako sarrera ibilgailuentzat.
-
Azken hilabeteotan Goiko Kalean sortu diren trafiko-arazoak aztertu eta bizilagunen proposamena aintzat hartuta, debekatu egingo da Iturbide kaletik barrena doan bidea erabiltzea, herritik ateratzeko. Oriotik ateratzeko bidea Txanka-Hondartzakoa izango da eta hori adierazten duten seinaleak jarriko dituzte Iturbide kalearen hasieran.