ARC ligako bi bandera etxeratu dituzte Orioko traineruek

Irati 2012ko uztailaren 9a

Orio A Santurtzin izan da irabazle eta Orio B Pasaian

Asteburuan berriz ere banderekin etorri dira mutilen traineruak estropadetatik. ARC 1ean ari den taldeak Santurtziko XXXIII. Bandera ekarri zuen etxera. Orio-Babyautok 19 minutu 52 segundo eta 6 ehuneneko denborarekin amaitu zuen estropada Santurtzi-Iberdrolaren aurretik (20 minutu 13 segundo eta 3 ehuneneko), atzetik Busturialdea-Elantxobe iritsi zen 20 minutu 17 segundo eta 49 ehuneneko denboran. Sailkapen orokorrean ere Orio da lehenengo 24 punturekin eta Santurtzi eta Elantxobe bigarren eta hirugarren 21na punturekin.

Orio Bk Pasaiako XXVIII. Ikurrina jokatu zuen eta baita irabazi ere. 20 minutu 6 segundo eta 90 ehuneneko behar izan zituen Orioko traineruak horretarako, bigarren sailkatu zen Trintxerpekoak, berriz, 20 minutu 9 segundo eta 16 ehuneneko. Arkote izan zen hirugarren 20 minutu 43 segundo eta 84 ehunenekorekin. Sailkapen orokorrean lehen hiru postuetan Orio-Babyauto, Trintxerpe Funeraria Vascongada eta Donostiarra B daude 38, 37 eta 29 punturekin hurrenez hurren.

Neskek ez dute zorte bera izan asteburuan. Larunbatean Kutxabank banderako estropada izan zuten Portugaleten eta bosgarren izan ziren lehenengo izan zen Zumaiko traineruarengandik 44 segundo eta 92 ehunenekora. Igandean ere, Zarautzen, Eusko Label banderan, bosgarren egin zuen Orio-Babyautok irabazlearengandik, Getaria-Tolosarengandik, 30 segundo eta 76 ehunenekora. Bosgarrena da Orioko emakumeen trainerua Euskotren ligako sailkapen orokorrean ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide