Udalbatzarrean gai guztiak onartu dituzte

Irati 2012ko uztailaren 11

EAJk hondakinen kudeaketari buruz aurkeztutako mozioak eman zuen zeresan gehien

Ezohiko udalbatzarra izan zen asteartean udaletxean eta mahai gainean jarritako gai guztiak onartu egin zituzten.

Lehenengo, Orioko Udalak sustatu eta Manu Arruabarrena eta Santiago Peñalba arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak idatzitako Orioko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren Testu Bategina onartzea izan zen gaia. Aurtengo maiatzean Diputatuen Kontseiluak behin betiko onarpena eman zion Orioko Plan Nagusiari, baina beraiek jarritako baldintzak eta falta ziren dokumentuak, aldaketak eta xehetasunak kontuan hartuz dena dokumentu batean jaso eta testu bategina aurkeztu dute. Testua onartuta Foru Aldundira bidali behar da han azken onarpena eman diezaioten.

Horren harira Beñat Solaberrietak idatzi bat irakurri zuen Orioko Bilduren izenean. Bere esanetan, erabaki honekin 2003an hasitako prozesu luze eta korapilatsua amaituko da. Gaineratu zuen herritarrekin partekatu gabeko diagnosi batean oinarritu zela dokumentuaren aurre lana. Herritar eta eragile ugarik parte hartutako agenda 21en prozesu konpartitua garatu zen, bertan jasotako ondorio eta ekarpenak, Arau Subsidiarioen dokumentuan txertatzea eskatu zen espresuki. Baina garai horretako udal gobernuak ez zion jaramonik egin eskaera honi. Etxebizitzen arazoa, kultura, aisialdia edo zerbitzu ekipamendu beharrak… bezalako gaiei aurre egiteko bertan bizi eta gaiak gertutik ezagutzen dituzten herritarren partaidetza baino hoberik ez dagoela ere esan zuen. Arau Subsidiarioen dokumentuan oinarrituta, Plan Orokorreko testu egokitua egindako akats larriei aurre egiteko sortu dela dio Bilduren idatziak: Arau Subsidiarioak baliogabetzeak ez zion dokumentu soil bati bakarrik eragiten, jadanik martxan dauden planeamenduak ere (Munto, Dike …) egoera juridiko larrian gelditzen ziren. Beraz, Bilduko talde politikoa oso kritiko azaldu arren, dokumentua onartu zuen ez onartzeak sortuko lukeen larritasunaz jabetuta. Honekin amaiera ematen diegu duela hamar urte abiatutako prozesuari; baina aitortzen dugu garai hartako arazoak hor jarraitzen dutela, eta horren aurrean ahalik eta azkarren herri partaidetzan oinarrituko den Plan Orokor berri bat martxan abiatzeko konpromisoa hartzen dugu.

Testu bateratua, beraz, aho batez onartua izan zen bozketan.

Ondoren, Orioko Hirigune Historikoaren Plan Bereziaren Kale Nagusiko garapenari buruz aritu ziren. Hirigintza, Ingurumen, Ogasun eta Pertsonalaren Batzordetik egin duten proposamena honakoa da:

  • Orioko Kale Nagusian sustapen pribatuko 25 udal etxebizitza tasatuei dagokien zozketa publikoaren prozedura bertan behera uztea etxebizitzen eskari kopurua eskainitakoa baino txikiagoa delako.
  • Orioko Hirigune Historikoaren Plan Bereziaren Kale Nagusiko lanak garatzeko hitzarmen urbanistikoaren aldaketaren hasierako onarpena.
  • Orioko Kale Nagusian sustapen pribatuko 25 udal etxebizitza tasatuen behin behineko kalifikazio aldaketa.
  • Orioko Kale Nagusian sustatuko diren 6 udal etxebizitza tasatuak araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen edonori esleitzeko aukeraren onarpena.

Jon Redondok hainbat hitz egin zituen gai horren inguruan EAJren abstentzioa argudiatuz. Adierazi zuen planteamendua ez dutela egoki ikusten eta egoera ekonomikoa den bezalakoa den arren, Udalak ezin duela sustatu 25 etxebizitza tasaturen aukera dagoenean hori bertan behera utzi, seirekin gelditu eta besteak libreak izatea. Uste dugu Udalak sustatu behar lukeela, kasu honetan bezala eskaintza eskaeraren gainetik badago prezioak jaistea, baina etxebizitza tasatu izaera mantentzea, izan ere, hemendik bost urtera krisia pasatuko da, edo hala espero dezagun behintzat, eta ekonomiak hobera egingo du eta etxebizitzek ere gora. Beraz, orain libre uzten baditugu etorkizunean erosleek nahi duten prezioan salduko dituzte. Manten dezagun izaera eta koefizientea altuegia bada jaitsi. 8 saldu ordez 10 edo 12 salduz gero Udalak etxebizitzekin beste zerbait egiteko aukera izango duela ere gaineratu zuen. Saltzen ez badira aukera egongo da prezioak jaitsi, mantendu edo etxeak erosteko. Beraz, gaia gehiago aztertu behar dela ere esan zuen.

EAJko sei zinegotziak abstenitu egin ziren eta Bilduko lau (Jon Agirresarobe ez zen udalbatzarrean izan) eta Oraineko biek baietz bozkatu zuten. Beraz, gehiengo sinplez onartu zen proposamena.

Bestalde, aho batez onartu zuten 2013. urterako Orioko herriko jai eguna San Pedro Eguna izatea, larunbata den arren lan eguna baita.

EAJ udal talde politikoak hondakinen kudeaketari buruzko mozioa aurkeztu zuen gero. Besteak beste hondatutako guneak berritu eta berreskuratzeko zabor-fardoen biltegiak sortzearen inguruko ezadostasuna azaldu zuten idatzian. Orainek bozkarik emango ez zuela azalduz esan zuen Orion mahai bat sortu zela Udaleko hiru alderdien eta Zero Zaborren partaidetzarekin. Gure ustez zaborraren inguruan arrakasta lortzeko bide bakarra elkarrizketaren bitartez adostasuna lortzea da. Mahai hori da gure ustez hemen planteatzen den arazoa aztertzeko toki bakarra. Ez dugu gehiago politizatu nahi, beraz, Bilduk eta EAJk aurkeztu dizkieten mozio proposamen eta mozioei erantzun bera emango dietela adierazi zuten, hau da, ez dutela bozkarik emango mahai horretatik pasatzen ez diren bitartean. Mozioa EAJren aldeko 6 bozkarekin, Bilduren aurkako 4 bozkarekin eta Orainek ez bozkatzea erabakita onartu zen. Orioko Bilduk aurkako botoa argudiatuz esan zuen Gipuzkoa Zero Zabor plataformaren alde daudela eta Zero Zabor politika bidean Gipuzkoako Foru Aldundiak plangintza bat aurkeztu duela eta bat egiten dutela.  Errefusategi eta hondakindegiak irekitzea aurreikusten du Foru Aldundiaren planak eta hondakindegiak depositu kontrolatuak izango dira, hondakin egonkortuekin eta ez toxikoekin elikatuko dira espazio degradatuak leheneratzeko edo berreskuratzeko erabiliko dira ingurumen inpaktuak zeharo gutxituz. Egungo zabortegiak itxi eta birziklatu ezin diren eta aurretik egonkortu diren hondakinak botatzeko espazio berriak dira eta erraustegiarekin konparatuta ez dutela ondorio negatiborik. Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak esan zuen beraiek ere parte hartzen dutela Zero Zaborrek bultzatutako mahaian, birziklatzearen, gutxiago sortzearen eta berrerabilpenaren alde daudela, baina ez dugula nahi Orio zabortegi bat izatea. Udalbatzarraren amaieran Zero Zaborreko ordezkariek eta hainbat herritarrek beren aldeko zein aurkako iritziak eman zituzten zabor bilketaren inguruan.

 

Azkenik EAJk Alzheimerraren inguruko mozio bat jarri zuen mahai gainean. Alzheimerrak gora egingo duenez, gaitzak familiei sortzen dizkien gastuak eta bestelako beharrak kontuan hartuta aho batez onartu zuten Orio alzheimerrarekin solidarioa den herria izendatzea eta gizarte, erakunde eta politikariei, sozio sanitarioa den, arazo larri honen inguruan egiten diren sentsibilizazio eta kontzientziazko kanpainak babestea. Udalak Alzheimerraren Alizantzak bultzatzen duen ekimena babestu nahi du, non Alzheimerraren Estatu Politika bat martxan jartzea eskatzen den.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide