Turismo bulegoak antolatuta bi bisita izango dira asteburuan Orio eta inguruan. Lehenengoa eskualdean barrena izango da larunbatean, uztailaren 14an. 10:30ean Iturrarango parketxean irten eta Iturrarango Lorategi Botanikoan mundu guztiko lore, landare eta zuhaitz espezieen bilduma aparta ezagutu ahal izango dute bisitariek. Ondoren, autobusez joanda, XX. mendeko industria ondareko elementu garrantzitsu bat ikusiko dute: Mollarriko mineralen biltegia eta zamalekua. Berriz autobusean Iturraranera bueltatuta amaituko dute bisita. Guztira ia 4 orduko irteera izango da. Helduek 10 euro ordaindu behar dute eta 6 eta 12 urtera bitartekoek 5 euro.
Bestalde, igandean, uztailaren 15ean, Orio-Donostia-Orio itsas irteera izango da arratsaldean 17:00etan Orioko Kirol Portutik abiatuta. Ibilaldi horretan, itsaslabarrez mugatutako kostalde ezezaguna deskubritzeko aukera izango da amaieran, Kontxako badiak eta Donostiako portuak eskainitako ingurura, babesera iritsi arte. Antolatzaileen esanetan, gaur egun, Orio eta Donostia inoiz baino hurbilago daude, Oria ibaian inauguratu berri den kirol-portuak eskainitako nabigazio eta komunikazio aukera berriei esker. Beraz, ordu eta erdian egin ahal izango da bisitaldia. Bisitarako beroki bat eramatea gomendatu dute. 15 euro ordaindu beharko dira eta 12 urtetik beherakoek 8 euro.
Bi irteeretan parte hartzeko Orioko turismo bulegoan (943 83 55 65) eman behar da izena.