Blanca eta Maribel Bruño ahizpei, ETAren iraultza zerga ordaintzea egotzita, hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta 7.500 euroko isuna jarri zien iaz Espainiako Auzitegi Nazionalak. Orain, Auzitegi Goreneko fiskalak zigor hori mantentzeko eskatu du.Auzitegi Nazionalak zigor hori ezarri zien, mehatxu gutunak jaso ondoren ETAri 6.000 euro ordaintzeagatik, ETAri laguntzea egotzita. Delitu hori leporatzeko, ETAko kide batzuen atxiloketan atzemandako gutun batean oinarritu da fiskala.
Era berean, froga gisa erabili du Blancak Aukera Guztiak koalizioaren alde sinatu izana eta Maribel 1999an Euskal Herritarroken zerrendetan aurkeztu izana. Defentsak dio askatasun ideologikorako eskubidea urratu dela, eta salatu du ez dela frogatu gutuna benetakoa den edo ez eta hainbat itzulpenetan akatsak izan direla
ETAri ordaintzeagatik enpresariak zigortu dituzten lehenengo kasua da Bruño ahizpen kontrako ebazpena.