Lanera Kontratazioak izeneko programarekin eskualdeko 30 langabe hartuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak denboraldiko lanak egiteko. Lanera Kontratazioak programa (brigada) 2011-2013ko Enplegu Planaren baitan dago eta planaren helburu nagusia da eskualdearen gizarte eta ekonomia sustatzea eta herritarren ongizatea areagotzea. Horretarako, Lanera Kontratazioak programak lana lortzeko herritarrek dituzten aukerak areagotu nahi ditu kualifikazio maila baxuko zein altuko langabeak kontratatuz. Beraz, eskualdeko langabeak kontratatuko dituzte gizarte intereseko lanak egiteko, eta hori ez ezik langabe horiei lanbide jakin batzuetako prestakuntza eskaini, lan orientazio egoki bat eman eta lana aurkitzeko aukerak areagotu nahi dizkiete.
Lau talde30 langileak honako lanetan arituko dira taldeetan banatuta:
- Lorezaintza: enkargatu bat eta 8 peoi.
- Eremu publikoen mantentze-lanak, pintura: enkargatu bat eta 8 peoi.
- Egitura arinen soldadura eta muntaketa: enkargatu bat eta 8 peoi.
- Euskara sustatzeko lanak: 3 langile laguntzaile.
Orain arte lorezaintza, pintura eta antzerako lanak egiten zituzten brigadek, kualifikazio maila baxuko langabeek egiteko modukoak. Eskualdeko langabezia datuek, ordea, erakusten dute azken urteetan nabarmen hazi dela kualifikazio maila ertain eta altuko langabe kopurua, beraz, beste bi espezialitate izango dira aurten. Egitura arinen soldadura eta muntaketako brigadak metalezko egitura arinak egin, konpondu, berritu... beharko ditu Udal Elkartearentzat eta udalentzat. Euskarako brigadak, berriz, Udal Elkarteko eta udaletako euskara zerbitzuen egitasmoetan hartuko du parte, euskara indartzeko eta osatzeko eta, besteak beste, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzeko.
Kontratazioa
Ekainean amaitu berri den aurreko brigaden programan guztira 36 pertsona aritu dira, lorezaintzako lanak egiten batzuk eta pinturakoak besteak. 2012ko Lanera Kontratazioak programan ere lau brigada sortuko dituzte, guztira 30 langile kontratatuz. Langile horiek guztiak urriaren lehen hamabostaldian hasiko dira lanean. Lan-kontratuak lanaldi osokoak izango dira, peoiena 6 hilabetekoa, 6 hilabete eta erdikoak enkargatuena eta euskarako laguntzaileena 9,5 hilabetekoa.
Programarako diru baliabideak Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek jarri dituzte. Horrela, ahalegin berezia egin dute, krisialdiaren ondoriorik latzenak jasaten ari diren langabeei laguntza eskaintzen jarraitzeko.
Izena ematea
Lanpostu mota bakoitzak baldintza zehatzak baldin baditu ere, parte hartzeko baldintza orokorrak hauek dira:
- Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea alta egoeran, 2012ko uztailaren 12an.
- Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian erroldatuta egotea, (2012ko uztailaren 12an). Enkargatuen kasuan Gipuzkoan erroldatuta egotea (berdinketarik izanez gero eskualdekoek lukete lehentasuna).
Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskabidea eta oinarrietan zehaztutako dokumentuak honako helbidean aurkeztu behar dira uztailaren 27a baino lehen: Urola Kostako Udal Elkartea Sarrera Erregistroa Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz. Eskabideak aurkezteko bulego-ordutegia: 8:00-15:00. Argibideak jasotzeko 943 89 08 08 telefono zenbakira deitu edo idazkaritza@urolakosta.org helbidera idatzi daiteke.