Orioko Bate Bizkorrak Erreginaren Kopan Bigarren

Irati 2012ko uztailaren 18a

Datorren denboraldian Europako Txapelketan jokatzeko txartela lortu dute

Asteburuan jokatu zen Orion, Mendibeltz zelaian, Sofboleko Espainiako Erreginaren Kopa. Orioko Bate Bizkorrak taldea ere lehian izan zen eta bigarren izan zen Erreginaren Kopan Bartzelonako Viladecans taldearen atzetik, maila oso ona emanda, ordea. Igandean jokatu zuten finala kataluniarren aurka eta oso partida parekatua izan zen. Horren adierazle da bi luzapen jokatu behar izan zituztela; eta bigarrenean erabaki zen, hain zuzen ere, partida, Viladecans taldeak karrera bat sartu eta partida 2-1 emaitzarekin haien alde amaitu zenean. Honela gelditu zen Erreginaren Kopako sailkapena: 

  1. Viladecans
  2. Kirolgi OBB
  3. Dridma
  4. Athletico SS 

Erreginaren Kopan ez ezik Ohorezko Ligan ere bigarren postua lortu dute, beraz, datorren denboraldian Europako Txapelketa jokatzeko txartela ere esku artean daukate. Aurtengo helburua Erreginaren Kopan sailkatzea izanik, gustura daude lortutako emaitzekin uste baino denboraldi hobea egin baitute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide