Egunsenti otxotea 15. urteurrenean ekitaldi bereziak egiten ari da

Irati 2012ko uztailaren 19a

Orioko gaixoak dauden eskualdeko egoitzetan kantuan izan dira

Egunsenti otxoteko kideak orain dela hamabost elkartu ziren eta oraindik elkarrekin jarraitzen dute kantuan. 15 urte ez dira ez gutxi eta horregatik, aurtengoa urte berezia da Egunsenti Otxoteko lagunentzat. Urteroko saioak albora utzi gabe hamabosgarren urteurrenean ekitaldi bereziak egiten ari dira, ilusioa izanez gero, adina ez dela traba erakutsiz.

Besteak beste Orioko gaixoak dauden egoitzetan izan dira bisitan. Udaleko ordezkariak lagun dituztela Zumaiako San Juan egoitzan izan dira, baita Zarauzko Santa Ana egoitzan ere. Lau-bost oriotar daude egoitza bakoitzean, eta sorpresa handia izan zen herritarren oparia. Amaia Dorronsoro zinegotziak eskerrak eman eta bisitaren arrazoiak azaldu ostean, emanaldi txiki bat eskaini zuten Egunsenti Otxoteko lagunek. Amaiera aldera entzuleak kantuan jartzen ere ahalegindu ziren. Aurki berriz ere Zumaiara joatekoak dira bisitan.

Gaur, osteguna, uztailak 19, Bisigu Festaren inaugurazio ekitaldian entzungo dira Egunsenti Otxotearen kantuak, hala ere, ospakizun egun handia hilaren 22an izango dute, Bisigu Festaren azken egunean. Meza nagusian abestu ostean kalean arituko dira kantuan herritarren gozamenerako. Ondoren, bazkaria egingo dute abesbatzako kideek eta gonbidatuek.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide