Bisiguaren bila eta mus txapelketa izango dira larunbatean

Irati 2012ko uzt. 19a, 14:21

Aurrez eman behar da izena parte hartzeko

Bisiguaren Festak jolasa eta lehia ere ekarriko ditu herrira. Larunbatean, 11:00etan hasita, Bisiguaren bila ginkana-tribiala izango da. Lau laguneko taldeak osatu beharko dira eta adin mugarik ez da izango, beraz, antolatzaileek herriko lagun talde eta koadrilak animatu nahi dituzte parte hartzera. Jolasean aritzeko aurrez izena eman behar da udaletxean edo 943 83 03 46 telefono zenbakira deituta.

Bestalde jolas baino joko giroa izango da arratsaldean, karta jokoa, hain zuzen ere. Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, mus txapelketa azkarrean aritzeko aukera izango dute herritarrek. Baraka, Salatxo, Aterpe, Kolon Txiki, Birdatxo, Arkaitz eta Gure Txoko tabernetan jokatuko dira partidak 17:00etan hasita. Parte hartu nahi dutenek 15:30etarako Gure Txoko tabernara jo beharko dute eta bikote bakoitzak 25 euro ordaindu. Lehen lau sailkatuen artean honako sariak banatuko dituzte: txapelak, garaikurrak, Balea hotelean gaua, Mariskada Galerna jatetxean, Altxerri jatetxean bi lagunentzako afaria, Kolon Txikin bi lagunentzako otordua, Realaren partida ikusteko sarrerak, Orio Arraunketa Elkarteko arropa eta Eusko Label produktuen (Hegaluzea, oilaskoa, saiheskia eta sagardoa) otarra.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide