Larunbaterako eta astearterako hiru bisita gidatu antolatu ditu Orioko Turismo Bulegoak. Larunbatean kayak irteera eta Pagoetako erlategira eta Mollarrira bisita izango dira; asteartean, berriz, Orio-Donostia-Orio itsas irteera arratsaldez.
Larunbatean, uztailaren 28an, kayak irteera izango da. Orioko Turismo Bulegoan egingo dute hitzordua 17:30ean, handik ibilaldia egitera joateko. Orioko Traineruko arraunlariak han entrenatzen direnez, antolatzaileen esanetan, Oria itsasadarra toki ezin hobea da arraunean lehen aldiz aritzeko. Irteeran parte hartzeko kirol jantziak eramatea gomendatzen dute eta igeri egiten jakitea beharrezkoa da, arraunean trebetasunik ez izan arren. Gutxieneko adina 12 urtekoa da eta 12tik 16 urtera bitartekoek 7 euro ordaindu behar dute, hortik gorakoek 13 euro.
Erlategia eta Mollarri
Pagoetako erlategi didaktikora eta Mollarriko kargalekura bisita gidatua izango da larunbatean ere. 10:30ean Iturraranen elkartu Pagoetako erlategi didaktikoan, erleen bizitza eta antolaketa bitxi bezain interesgarriari buruzko informazioa jasoko dute. Ondoren, autobusez, Mollarrira joango dira bisitariak eta han XX. mendeko industria ondareko elementu garrantzitsua ikusiko dituzte: Mollarriko mineralen biltegia eta kargalekua. Hiru ordu eta erdiko ibilaldian parte hartzeko 6 eta 12 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 10 euro.
Orio-Donostia-Orio
Asteartean, uztailaren 31n, Orioko kirol portutik aterako da itsasontzia 17:00etan eta bidaiari kopurua 39 lagunera mugatua dago. Ordu eta erdiko ibilaldi horretan itsaslabarrez mugatutako kostalde ezezaguna ezagutzeko aukera izango da. Donostiako badian bueltatxo bat emango du itsasontziak. Antolatzaileen esanetan komenigarria da babeserako arropa eramatea. Helduek 15 euro ordaindu beharko dute eta 12 urtetik beherakoek 8 euro. Uztaileko azken itsasontzi irteeren ondoren, abuztuan, 5ean eta 26an egingo dituzte.
Irteera batean zein bestean parte hartzeko Orioko Turismo Bulegora joan edo 943 83 55 65 zenbakira deitu behar da.
Pagoetako Parke Naturala
Udarako hainbat eskaintza egin ditu Pagoetako Parke Naturalak ere. Uztailaren 27an eta 29an ostiralean eta larunbatean Iturrarango erlauntzen irekiera izango da eta abuztuko astearte, ostegun, larunbat eta igandeetan ere bisitak egingo dituzte, denak 13:00etatik 14:00etara bitartean. Bisitariek aztertuko dute Lorategi Botanikoaren eta erleen arteko lotura, erlategian erleen mundua ezagutuko dute eta azkenik erlauntzen irekiera ikusi. Helduek 2,5 euro ordaindu behar dute eta 5 eta 12 urte bitartekoek 1,5 euro.
Bestalde, abuztuaren 15ean Pagoetako arbasoen urratsak: baserria eta bertako produktuak tailerra egiteko aukera izango da 11:00etatik 12:30era bitartean. Baserriaren historia, antolaketa, lanbideak, eta ekoizten diren produktuak ezagutuko dituzte bisitariek eta gero gazta jango dute. 5 euro ordainduko dute helduek eta 3 euro 5 eta 12 urte bitartekoek.
Informazio gehiago jaso nahi duenak 943 83 53 89 telefono zenbakira deitu beharko du.