Agurtu dugu lau eguneko Bisigu Festa eta horrekin batera joan da egunotan Orio hartu duen bisigu usaina, herrian gelditu da, ordea, festak eta bisiguaren inguruan antolatu diren ekitaldiek utzi duten zaporea.
Oraindik antolatzaileek ez dute festa nola joan den begiratzeko apenas astirik izan, baina oro har pozik daude izan duen erantzunarekin. Txartel guztiak salduta zeudenez, jakinekoa zen otordu guztietan gainez egongo zela plazako jantokia, baina bisigua jatera etorritakoak ez ezik larunbateko marmitakoa eta igandeko hegaluzea probatzera ilara luzeetan zain egon ondoren gerturatutakoak ere asko izan dira eta horrekin oso pozik daude. Festa herritarrentzat onuragarria dela uste dute, besteak beste herriko tabernariek sumatu dute jai giroa eta jendearen presentzia. Hori horrela izanik, aurrerantzean ere festari eustea gaizki ez legokeela uste dute. Horretarako, ordea, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da eta aurten ere handia izan da oriotarrek erakutsi duten jarrera. Herriko talde, eragile eta elkarte gastronomikoen parte hartzea aipatzekoak dira, besteak beste, aurten berrikuntza izan diren bisigu lehiaketa edo mini autoen bilera antolatzerakoan.
Lehiaketak
Batzuk prestatu eta besteek jan eta bazkalostean jokoa ere oso ohikoa izan ohi da. Hala bada, larunbat eguerdian herriko elkarte gastronomikoetako sukaldariek bisigua Orio Estilora prestatu zuten eta herriko parrillero ezagunek hauen lana epaitu ondoren, abil portatu zirela eta onena aukeratzea zaila izan zela adierazi zuten. Irabazleak aukeratu behar, ordea, eta hauek izan ziren.
- Arkaitzpe: Asier Sanchez eta Joxemari Etxeberria
- Alkartetxea: Bixente Lasa
- Toki Alai: Angel Martikorena eta Elisabete Bello
Larunbat arratsaldean, berriz, mus azkar txapelketa egin zuten tabernetan eta jokoa amaituta hauek jaso zuten txapela:
Hemen Bisigu Festako hainbat une laburtzen dituzten argazkiak.