Ubegunera joateko oinezkoentzako bidea erabilgarri dago

Irati 2012ko uztailaren 27a

Tren geltokia eta Ubegungo industriagunea eta pareko etxebizitzak lotuko ditu bideak

Aiako Udalak 700 metro inguruko bidea eraiki du, trenbide zaharra aprobetxatuz, Aia eta Orioko tren geltoki paretik hasi eta Ubeguneko industrigune aurrean dauden etxebizitzetara bitartean. Lantxo txiki batzuk falta diren arren, jadanik erabili daiteke bide hori, aurreko trenbideko erreiak kenduta bidea asfaltatu baitute.

Ubeguneko bizilagunek edo auzo hartara joan nahi duten gainontzekoek errepide ertzetik joan behar izaten dute auzora bizikletan edo oinez eta G-634 errepidea zeharkatu behar izaten dute araztegi parean. Bide berriarekin, segurtasun gehiago izango dute oinezkoek eta txirrindulariek, eta ez dute errepide nagusia zeharkatu beharko. Ubegundik aldapatxo bat egin eta zebrabide bat ere jarri dute eta bide horretara sartuz gero geltokiraino joan daiteke. Hor oraingo pasabidetik edo aurrerago jarriko duten igogailuan beste aldera pasatu ahal izango da eta baita biribilgune ondoko pasabidea erabiliz ere. Helburua arriskua ahalik eta gehien murriztea zen eta aukera ikusita bidea oinezko eta txirrindularien eskura jarri dute, beti ere mantso eta elkarri leku eginez ibiliz gero. 

Eguneroko joan-etorrietarako ez ezik aisialdirako ere probestu ahal izango da bide hori. Izan ere, industriagunetik joanda, ibai ertzean, Altxerriko erreka ondoan paseatzeko aukera izango du, eroso.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide