Atzo, uztailaren 31, eguerdian hasita jokatu ziren Euskadiko Traineruen Txapelketako estropadak. Emakumeak izan ziren lehian hasten lehenak. Orioko neskak lehian izan ziren estropadan, Getaria-Tolosako ontzia izan zen irabazle 11 minutu eta segundo 1eko denborarekin. Bigarren San Juan izan zen 7 segundora eta hirugarren orain arte estropada guztietan nagusitasuna erakusten dabilen Zumaia 17 segundora. Orioko neskek oso estropada polita jokatu zuten eta Zumaiak baino 2 segundo gehiago behar izan zituzten estropada bukatzeko.
Gizonezkoetan Kaikuk azken estropadetako erraztasunarekin hartu zituen mendean gainerako ontziak. Joxe Luis Kortaren koadrilak 19 minutu eta 54 segundoan geratu zuen kronometroa. Bigarren Urdaibai izan zen 11 segundora eta hirugarren Hondarribia 14ra. San Juan eta San Pedroren arteko lehia arrosek irabazi zuten, Igor Agirregomezkorta eta Mikel Arostegi tostetan diren Libiak baino 5 segundo gutxiagoan bete baitzuten distantzia. Segidan Aizperroren Portugalete, Santurtzi eta Xanti Zabaletaren Zumaia iritsi ziren hurrenez hurren.