Oriok etxeko bandera irabazi du 11 urteren ostean

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abuztuaren 6a

Azken bandera TKE liga sortu aurretik irabazi zuten oriotarrek beren herrian

Larunbatean jokatu zen KAE-1 ligari zegokion Orioko estropada. Aurretik emakumeek jokatu zuten Gipuzkoako 3. Traineruen Ligako 5. jardunaldia. Emakumeek erlojuaren aurka jokatu zuten estropada, binan-bina irtenda. Hirugarren kaletik lehiatu ziren hiru traineruek lortu zituzten denborarik onenak: Zumaiak, San Juanek eta Hibaikak hurrenez hurren. Zumaiarrek 11 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten bi luzeak egiteko. Orio laugarren izan zen ia 39 segundora baina Euskadiko txapeldunaren, Getaria-Tolosaren, aurretik izan ziren helmugan.

KAE ligako estropada izan zen atzetik. Itsasoan olatu garbia izan zuten arraunlariek. Orio faborito zen etxeko bandera irabazteko, eta ez zuen hutsik egin. Estropadako hiru miliak egiteko 20 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Mirotzak. Bigarren Santurtzi izan zen 10 segundora eta hirugarren aurreko txandan lehiatu zen Donostiarra 19 segundora.

Hala, bost estropada baino ez dira geratzen eta Orio nagusi da sailkapenean. Orio B-k, bestalde, bigarren jarraitzen du KAE-2 ligako sailkapenean, Trintxerpek asteburu honetan ere irabazi eta gero. Plentziako banderan 17 segundora sartu zen Orio.

Datorren estropadak Ondarroan eta Hondarribian jokatuko ditu abuztuaren 11n eta 12an lehen txalupak eta Getxoko Areetako bandera jokatuko du Orio B-k. Neskek ere Hondarribian jokatuko dute Gipuzkoako Ligako 6. jardunaldia, abuztuaren 12an.

Azkenik, Mikel OrbaƱanos eta Asier eta Gorka Puertas anaiak arraunean dabiltzan Hondarribiak Espainiako Traineru Txapelketa irabazi du lehenengo aldiz. Joxe Luis Kortaren Kaiku izan da bigarren bost segundora. Gorengo mailako bi traineru berdeen arteko lehia ikusgarria izaten ari da aurtengo denboraldian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide