Londresko abentura berak nahi baino lehenago bukatu arren –lehen borrokaldian kaleratu zuten–, herritarrek ongietorri beroa egin zioten Oiana Blanco judoka oriotarrari.
Herrira iritsi bezain pronto txu-txu trenean sartu zuten lore sorta eskuetan eta herritik buelta bat eman zuen txaranga atzetik zuela. Herritarrak kalez kale agurtu eta gero, plazara iritsi zen. Han, lehendabizi, herriko hainbat kirolarik emandako su-olinpikoa hartu eta horretarako propio prestatuko ontzian sua piztu zuen Blancok. Segidan, familiakoek, lagunek eta udal ordezkariek agurra dantzatu zioten.
Horren atzetik bertsoak kantatu zituzten plazan izan zirenek. Hiru bertso idatzi zituzten horretarako:
1. Txiki-txikitatikan
hasi zinen jada:
mis-mis, harrapaketa
irri ta algara,
berehalakon salto
onenen mailara.
Zutaz zertxobait esan
behar baldin bada:
kirolari trebea ta bikaina zara.
2. Txina, Brasil, Korea
eta Afganistan,
guztia hauek ez daude
begiaren bistan.
Sakrifizio asko
eginez sarritan,
familiagandik urrun
egonagatikan,
asko animatzen deu
guk urrutitikan.
3. Olinpiar jokoak
zenituen amets,
baita txartela lortu
izerdi ta nekez.
Urte borobil eta
ederra eginez;
eginalak eginda
dominik lortu ez
tori gure beroa
dominaren partez.

Bukatzeko, udaletxeko balkoitik gertuko bost pertsonek hartu zuten hitza Oianari beren babesa erakusteko, eta bakoitzak bere hitzak bukatzean Olinpiar Jokoetako uztai bana jarri zuen horretarako jarri zen panel batean. Azkenik, Oianak hartu zuen hitza eta herritarrei bere esker ona adierazi zien.