Areriorik gabe KAE-1 ligan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abuztuaren 16a

Hamargarren banderarekin playoff-etarako sailkapena lortu du Oriok

KAE ligako estropadak garaipenekin kontatzen dituzte Mirotzako mutilek. Hamarretik hamar irabazi dituzte Zarauzko banderarekin, eta aurkaririk ez dutela erakutsi, bide batez.

Atzoko, abuztuaren 15eko, estropadan zorte txarra izan bazuten ere –ez zitzaien kalerik onena egokitu eta patroiaren arrauna hautsi zitzaien–, garaipena lortu zuten oriotarrek. Bigarren Santurtzi izan zen 5 segundora eta hirugarren Busturialdea 13ra.

Gauzak horrela, Oriok playoff-a jokatzeko txartela lortu du matematikoki eta, orain, bandera guztiak irabazteko helburua baino ez zaie geratzen aurretik arrauneko bigarren maila honetan.

Mutilen aurretik, neskak aritu ziren arraunean Gipuzkoako Ligako 7. eta azken jardunaldian. Bosgarren izan ziren oriotarrak eta emaitza horrekin denboraldia postu berean bukatzea lortu dute oriotarrek. Hemendik aurrera, estropada ofizial bakarra geratuko zaie jokatzeke, Kontxako estropadetarako sailkapen estropada.

Gizonezkoen bigarren ontziak Castron jokatu zuen estropada atzo. Denbora kaxkarrak egin zituzten ontzi guztiek eta Orio bigarren izan zen. Trintxerpek 22 segundo atera zizkion Oriori, baina horiek beste ia 40 segundo atera zizkieten Getxori.

KAE-2 ligako estropada larunbatean, abuztuaren 18a, Santanderren, arratsaldeko 18:00etan jokatuko da. KAE-1 ligakoa, berriz, Bilbon izango da, igandean, abuztuaren 19a, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide