Larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, SantoƱan jokatu zen KAE-1 ligako azken estropada. Lehiaren hasiera-hasieratik Oriok burua hartu zuen eta orain arteko tarterik handienarekin eskuratu zuen ligako 12. bandera.
Hala, marka berria jarri zuen Oriok: KAE-1 ligan denboraldi bereko bandera guztiak irabazten lehen ontzia izan da. Donostiarra izan zen bigarren Kantabrian jokatutako estropadan 26 segundora eta Santurtzi hirugarren 30 segundora.
Datorren estropada, emakumeen txaluparekin batera, Kontxako sailkapenekoa izango dute. Neskek 17:30ean hasiko dute sailkapen estropada eta mutilek 18:00etan.
KAE-2 ligako ontziak, bestalde, playoff-a jokatuko du datorren asteburuan, irailaren 1ean eta 2an. Asteburuko estropadetan 2. eta 3. izan da Orio. Denboraldi guztian lehen bi postuetan izan eta gero, azken estropadan, Mundakan, San Pedroko bigarren ontziaren atzetik, hirugarren izan ziren oriotarrak.
Hala, Trintxerpe izan da KAE-2 ligako irabazlea eta KAE-1era igotzeko txartela lortu duen ontzia. Oriok, lehen esan bezala, playoff-a jokatu beharko du eta San Pedro izango da berarekin batera KAE-2 ligako ordezkaria. Lutxanan, Ibaizabalgo uretan, jokatuko dute lehen jardunaldia, irailaren 1ean, larunbata, 17:00etan. Bigarren jardunaldia, berriz, irailaren 2an, 18:00etan, Hondarribian jokatuko da. Bi jardunaldiak erlojuaren aurka izango dira.