Argi-kontsumoa murrizteko Eusko Gudariko bonbillak aldatu ditu Orioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2012ko abu. 27a, 11:04

LED teknologiako 73 lanpara jarri dira aurretik zeuden 150w-ko beste horrenbeste kenduta

Argi-energia kontsumoa murrizteko eta argiteria hobetzeko Eusko Gudari kaleko faroletako bonbillak aldatu berri ditu Udalak. 150 w-ko 73 lanpara halogeno kendu eta LED teknologiako beste horrenbeste  jarri dira, kale horretako argi dentsitatea gutxitu eta energia aurrezteko.

Horrez gain, farola horien teknologia berritu da, kontrol telematiko eta telemetriko berriak jarriz. Era horretara, alde batetik, herriko argiteria-koadro guztiak kontrolatzeko sistema izango du Udalak; eta bestalde, argiaren intentsitatea aldatzeko aukera izango du. Esate baterako, gauerditik aurrera (kaleko mugimendua hasi bitartean) ohi baino argi gutxiago emango dute Eusko Gudariko farolek, are gutxiago kontsumituz.

Hartutako neurrien bidez, Eusko Gudari kaleko energia kontsumoa %80 inguru murriztuko dela aurreikusten du Udalak. Hala ere, energia aurrezten jarraitu nahi du Udalak, eta behin martxan jarri berri den sistemara ohitutakoan, beste zenbait neurri aztertuko dituela adierazi du BeƱat Solaberrieta alkateak; besteak beste, farolak zig-zag eran (bat piztuta eta hurrengoa itzalita) jartzea aztertuko da.

Diru-laguntza

47.000 euro bideratu ditu Orioko Udalak argiteria publikoko erregulazio-sistema berria jarri eta Eusko Gudari kaleko lanparak aldatzeko. Lan horiek egiteko, 10.000 euroko diru-laguntza eman du EVEk (Ente Vasco de la Energia).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide