Larunbatean, abuztuaren 25an Elgoibarko San Bartolome jaietako harri-jasotze txapelketa izan zen jokoan eta Izeta II. harri-jasotzaile aiarrak irabazi zuen. Aurtengorako bi harri trakets jarri zituzten antolatzaileek: 146 kiloko Belaustegi harria izan, harri jasotzaileentzat benetan traketsa eta altxatzeko zaila; eta Mintxeta harria, 125 kilokoa, bestea baino errazagoa izan arren hori ere.
Bakoitzak bost minutu izan zituen lanerako eta Belaustegi harria benetan zaila izanik kirolariek oso jasoaldi gutxi eman zizkioten. Izeta II.ak lau aldiz baino ez zuen bizkar gainean berdindu eta berak beste jasoaldi eman zizkioten Ugartemendiak eta Eizmendik; hiru aldiz jaso zuen Izeta III.ak eta behin Izeta IV.ak eta Urpek. Telleria IV.ak, berriz, ez zuen harria bizkarrean berdindu sarritan ahalegindu zen arren.
Mintxeta harriarekin hobeto moldatu ziren harri-jasotzaileak, besteak beste arinagoa ere badelako. Izeta II.ak 17 jasoaldi egin zituen, Izeta III.ak 13, Ugartermendiak 11, Telleriak 10, Eizmendik 9, Izeta IV.ak 6 eta Urpek 3.
Aiako harri-jasotzailea zen irabazteko faborito nagusia, beraz, Izeta II.ak txapelketa irabazita ez zen sorpresarik izan.