Turismo Bulegoak antolatutako udako azken irteerak asteburuan

Irati 2012ko abuztuaren 30a

Ibaian kayak egiteko irteera eta itsas bidaia izango dira

Orioko Turismo Bulegoak hainbat ekintza antolatu ditu udarako eta asteburu honetan egingo dituzte azkenak: kayak irteera ibaian eta Orio-Getaria-Orio itsas bidaia.

Irailaren 1ean 16:30ean Turismo Bulegoan elkartu eta bi ordu inguruko irteera egingo dute Oria ibaian barrena kayakean. Izena emateko Turismo Bulegora bertara deitu behar da –943 83 55 65– eta ekintza 12 urtetik gorakoentzat izango da. 12 eta 16 urte bitartekoek 7€ ordainduko dituzte eta gainontzekoek 13€.

Antolatzaileen esanetan, Oria Itsasadarra toki ezin hobea da arraunean lehen aldiz aritzeko. Izan ere, bertan entrenatzen dira Orioko Traineruko arraunlariak, Kantauriko talde guztien artean Kontxako bandera gehien irabazi dituen trainerukoak, alegia. Bide batez aholkatzen dute kirol jantziak eramatea. Igeri egiten jakitea beharrezkoa da irteeran parte hartzeko, baina arraunean trebetasuna izatea ez da beharrezkoa. 

Orio-Getaria-Orio

Bestalde, irailaren 2an, igandean, Orio-Getaria-Orio bi orduko itsas bidaia izango da 16:50ean Kirol Portutik abiatuta. Irteera horretarako ere Turismo Bulegoan eman behar da izena eta 15€ ordaindu; 12 urtetik beherakoek, berriz,7€.

Itsas bidaian eskualdearen ezaugarri garrantzitsuenak azalduko dituzte. Eskualde arrantzalea den heinean, arrantzak izan duen garrantzia, balearen arrantzak izandakoa, lanbide tradizionalak eta gaur egungo industriak azalduko dira. Bertako ondare historiko-artistiko aberatsa ahaztu gabe. Gainera, bidaia egin bitartean eskualdeko hainbat produktu dastatzeko aukera izango da: txakolina, antxoak eta atuna, adibidez.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide