Orioko ontzirik ez da izango igandean Kontxako estropadetan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abuztuaren 31

Neskak 6. izan ziren eta 10. mutilak

Giro bustia, itsaso gaiztoa, haizea, eta bukaeran, azken ontzientzat, giro goxoagoa. Hori guztia izan zuen atzoko Kontxarako sailkapen estropadak.

Neskak izan ziren lehiatzen aurrenak. Hondarribia irten zen lehendabizi eta Orio bigarren. Estatxa ongi ezin helduta, erdi trabeska, irten ziren Klaudio Etxeberriaren neskak. Santa Klara irlaren parean argi eta garbi ikusten zen Hondarribia harrapatu behar zutela, eta halaxe egin zuten, ziaboga baino lehen aurrea hartuta.

Itsaso gaiztoa zuten emakumeek, eta itzulerakoan olatuak hartzeak sekulako garrantzia zuen. Baina oriotarrek ez zuten lan horretan asmatu, ontzia dominatzearekin nahikoa zutelako. Baga artean galduta ibili ziren oriotarrak, eta nahiz eta berez 5. denbora onena izan, zigorra jaso eta 6. izan ziren, Zumaiarengandik minutu 1 eta 5 segundora. Zumaiarekin batera Getaria, San Juan eta Rianxeira-Mecalia ontzi galiziarra izango dira igandeko estropadan.

kontxa 2012 neskak

Itziar Olasagasti arraunlariarekin izan ginen estropada bukatu eta berehala, oraindik denboren, eta nola gelditu ziren berririk ere ez zutela. Estatxarekin arazoak eduki ditugu. Epailea estatxa botatzen hasi da eta berari trabatu zaio eta iristen ez zitzaigula esan diogunean bere bozgorailuarekin trabatu da. Zuzen atera gara, baina estatxarik gabe eta ez dakigu penalizaziorik dugun ala ez. Kanporakoan hainbestean joan gara eta gero etorreran pena horrekin, gustura aritu ez izanaren penarekin. Eguraldia ere ez zegoen oso ederra, haizea izan da traba, guk nahiago genuen garbiago izan bazen baina…

Mutilek ere ezin

Gogor saiatu ziren Mirotzako mutilak atzokoan ere, baina ez zuten sailkatzerik lortu, bigarren luzean 7. denborarik onena egin zuten arren Igor Makazagaren mutilek. Itsasoaren egoerak eta zorteak ez zieten batere lagundu, eta 4. minututik tosta hautsita eraman zuen Makazagak. Hala, kanpoko ziabogan 13. ziren oriotarrak Elantxoberekin berdinduta. Estropada bukatuta jota ikusten zen Orioko entrenatzailea: estropada ona edo txarra egin dugun ezin dut esan, ezin dut balorazio gehiegi egin, 4. minututik besoekin baino ezin bainuen egin arraun. Tosta apurtuta, halako baldintzetan, ezinezkoa da arraun behar den bezala egitea.

Mikel Portularrume Paorra, bigarren entrenatzaileak ere ez zutela asmatu esan zuen. Hasieratik esan digute atzetik ginela, lehen erreferentzia 8-9 segundu atzetik zen eta erreakzionatu nahi genuen arren ezin izan dugu. Ez dakit barrurantz zer egin dugun ere, bakarrik dakit ez garela sailkatu eta kitto. Itsasoa denontzat da bera; atera garenean haize asko zen, baina hala tokatu da eta ahal izan duguna egin dugu, itsaso onarekin ere beharbada gauza bera gertatuko zen. Orain playoffa daukagu eta orduan dena ematera joango gara.

Azkenean txartela ematen duen 7. postutik 9 segundora baino ez ziren geratu oriotarrak, 10., Kaikurengandik minutu 1 eta 5 segundora. Dena dela, TKE ligako 4 ontzi utzi zituen atzetik Oriok: Portugalete, Castro, Zumaia –playoffean aurkari– eta Zierbena. Horrez gain, San Pedro eta Pedreña bi segundo baino gutxiagora geratu ziren.

kontxa 2012 mutilak

Ibon Huegun, Arraun Elkarteko presidenteak esan du eguraldia nolakoa izan den eta estropada zein egoeratan jokatu den ikusita gauza hauek gerta litezkeela. Egun honetan sorpresa asko izaten dira eta ikusi da faborito asko kanpoan gelditu direla. Sailkapenarekin penatuta gaude ez ginelako oso urruti eta bigarren mailan egonik gertu gelditu gara. Kontua oso-oso zaila zegoen arraunerako eta zorte txarra izan dugu. Hala ere, guk beste helburu bat daukagu eta orain buru-belarri horretan arituko gara. Chapela eta Amegrove datoz handik eta gero gu, Santurtzi eta Zumaia eta ikusi da Kontxan Chapela nola ibili den, beraz, maila handia dago.

Portugaleteko Urko Redondo ere atsekabetuta zegoen estropadaren bukaeran. Igeldotik irlara tartean, minutu bat eduki dugu zuloan sartuta, eta hor joan zaigu estropada guztia pikutara. Gustura ari ginen arraunean, baina minutu horrek jota utzi gaitu. Aurrekoari ere tosta mugitu zaio gainera, eta halako egunetan arraunlari bat gutxiago izateak dena kentzen dizu, esan digu Redondok. Ondorioz, bukatu dute denboraldia Aizperroren mutilek ere. Izan ere, Portugaletek ez du lortu TKE liga 8 onenen artean bukatzea eta, horren eraginez, ez dute estropada gehiago izango 2012ko denboraldian.

Orio ez, oriotarrak bai

Gauzak horrela, igandeko estropadan Orioko ontzirik ez baina oriotarrak izango dira Donostiako uretan. Horrela geratu dira igandeko bi txandak:

1. Txanda
- Kaiku –Joxe Luis Korta–
- Hondarribia –Mikel Orbañanos eta Asier eta Gorka Puertas–
- Chapela
- Astillero –Jon Salsamendi–

2. Txanda
- Bermeo
- Tiran
- San Juan
- Donostiarra

Orioko ontziek play-offak arte itxaron beharko dute. Asteburu honetan jokatuko dute KAE-1 ligara igotzeko estropada eta irailaren 15 eta 16an TKErako igoera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide