Sukaldeko, lorategiko eta baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bilakatu eta hondakin organiko horiek lekuan bertan baliatu nahi ditu Orio Zero Zabor taldeak, autokonpostaren bidez. Modu horretara, elikadura-hondarrak eta sukaldeko, inausketako eta lorategiko hondakinak birziklatzearekin bat, erraustegian erreko liratekeen hondakin kopurua gutxituko litzateke eta hondakinen garraioan energia aurreztuko.
Autokonposta proposamena ere kaleratu du Orio Zero Zaborrek: oriotarrak autokonposta egitera bultzatu eta herriko lau txokotan (Frontoi atzean, Iturbide kalean; Abaromendin; Azkueko parke inguruan, errio aldamenean; eta Diken) autokonposta-guneak jarri nahi lituzkete. Proposamen hori gauzatzeko bidean, erronka jarri dute: baietz 50 familik autokonposta egin Orion!
Horren guztiaren berri emateko, eskuorri bat banatu du Orio Zero Zabor taldeak etxez etxe Orion. Motz geratu dira baina eta ondorioz, eskuorria ez da etxe guztietako postontzietara iritsi. Karkaran deskargatu daiteke.
Nola bereiztu zaborra
Autokonpostari buruzko eskuorriarekin batera, beste triptiko bat banatu dute Orio Zabor Taldeko kideek. Zaborra nola bereizi behar den adierazten da bertan: kontenedore bakoitzak zer jasotzen duen eta zer ez ageri da alde batetik; eta bestalde, garbigunearen ordutegia gogorarazten da.
Orioko Herri Ikastolako ikasleek sortu eta diseinatua da. Alde horretatik eskerrak eman nahi dizkie Orio Zero Zaborrek triptikoaren egileei.