Asteburu gazi-gozoa izan da arraunarentzat Orion. Pozez daude KAE2ko arraunlariak eta arraun elkarteko arraunlari txikiak, garaile egiten dituzten banderak etxera ekarrita. Beste aldean, Lekeitioko XXXIV. Banderak zapore gazia utzi die KAE1eko gizonezkoei eta emakumezkoei.
Play-offa eta bandera, biak
Erandioko XXV. Bandera eta Play-offa irabazita, denboraldiari bukaera aparta eman diote Jose Luis Agirreren esanetan aritu diren San Nikolas ontziko arraunlariek. Larunbateko eta igandeko bi jardunaldiak bigarren traineruari denbora tarte handia aterata irabazi zituzten oriotarrek: denboraldi osoan tira-biraka ibili ondoren, Trintxerperi aurre hartu zion San Nikolasek Erandion, larunbatean. 29 segundo gutxiago behar izan zituzten oriotarrek. Hala ere, bien artean, San Pedroko ontzia izan zen, bigarren, 20 minutu, 22 segundo eta 58 ehuneko denborarekin; Oriorengandik 20 segundora. Bandera irabazteaz gain, play-offa irabazteko pauso handia egin zuten, beraz, Agirreren mutilek.
Igandean, berriz, lasaitu gabe, estropada irabazteko asmotan irten ziren arraunlari oriotarrak Hondarribiako uretara. Hiru taldeen arteko lehiari gogor ekin zioten gureek eta bigarren izan zen Hondarribiari 40 segundo pasatxoko tartea atera zioten, KAE1 mailara igotzeko txartela lortuz. Hirugarren izan zen San Pedro.
Datorren denboraldian KAE1en arituko diren ala ez jakiteko, ordea, pixka bat gehiago itxaron beharko dute bigarren taldeko mutilek. Lehenik eta behin, KAE1etik TKEra igotzeko play off-aren zain geratu beharko dute, Oriok egiten duenari begira. Lehen taldeak TKEn aritzeko txartela lortzen ez badu, KAE2n geratu beharko dute. Datorren denboraldian TKEn arituko bada Mirotza, Orio B ontziak Amegroveri begira jarri beharko du, dirudienez. Izan ere, galiziarrak TKEra igotzen badira, KAEko ordezkarien erabakiaren zain egon beharko du Oriok: izan ere, kasu horretan, TKEtik Zumaia eta Zierbena jaitsiko lirateke; KAE2tik Trintxerpe eta Orio igoko lirateke; eta gainerako KAEko ontziekin 13 lirateke lehiarako traineruak, berez, 12k behar luketen lekuan.
3 bandera Pedreñatik
Kantabrian, Pedreñan, jokatutako batel topaketatik 3 bandera ekarri dituzte Orioko infantilek, kadeteek eta jubenilek.
Lekeitioko Ikurriña
Kontxako sailkapen estropada eta gero, Hibaikarekin neurtu behar izan zituzten indarrak Orioko neskek. Hasieratik Hibaikak hartu zuen aurrea; 3 segundoko aldea zuen lehen luzean; 7 segundoko tartearekin bukatu zuten estropada.
Gizonezkoetan, berriz, San Pedro eta Orioren arteko lehia bizia espero bazen ere, Mirotzari ez zitzaizkion gauzak ondo atera. Izan ere, bigarren ziabogan kateatuta geratu ziren oriotarrak eta estropada irabazteko aukera guztiak bertan geratu zitzaizkien. Hala ere, bigarren egin zuten, San Pedrorengandik ia 22 segundora.
Hilaren 15 eta 16an izango dituzte denboraldiko zitarik garrantzitsuenak, TKEra igotzeko play-offa. Itsasoan aritu beharko dute Bermeon; errioan, Portugaleten.