Euskal Herriko Unbertsitateko (EHU) Topografiako bi ikaslek –Nerea Argote eta Jon Azpiroz– Orioko hondartzen azterketa egin dute, Jose Miguel Edeso –Geomorfologian doktorea– irakaslearen zuzendaritzapean. Azterketaren emaitzen aurkezpena ostegunean, irailaren 6an, egingo dute Kultur Etxean, 19:00etan. Aurkezpen ekitaldia irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat, eta Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu, gaia garrantzizkoa delako.
EHUk egindakoa baina Udalarekin elkarlanean bultzatutako azterketa da. Izan ere, Udalak kezka azaldu du azken urteotan Orioko hondartzek, batik bat Antillakoak, izan duten bilakaerarekin. Beraz, Udalak diruz lagunduko du ikerketa gizarteratzeko erabiliko diren euskarrien gastua. Bestalde, Udalak azpimarratu nahi du azterketak OST surf taldeak eta Herrio Natur taldeak egindako eskaerei erantzuten diela.
Aldaketa metereologikoak eta ozeanografikoak kontuan hartuta, hondartzen azterketa granulometrikoa –sedimentu-arroken elementuen banaketa tamainaren arabera aztertzea– eta morfotopografikoa –eremu baten erliebeen forma eta egituren azterketa– egin dute eta datuak 80ko hamarkadan eta 2009an bildutakoekin alderatuta hondartzen bilakaerarekin ustez zerikusia izan duten jarduerak zein izan daitezkeen ondorioztatu dute.