Ordiziako euskal jaietako 500. edizioa izan zen asteazkenekoa eta hango gazta txapelketa entzutetsuan laugarren izan zen Jose Luis Odriozola aiarraren gazta, gainera, lehena izan zen gipuzkoarren artean. Badira 26 urte inguru Agerreburu baserrian artzaintzan eta gaztagintzan ari dela eta ardi latxaren esne gordinarekin eginiko gazta ondu suabea ekoizten dute.
Beti-Alai pilotalekuan jokatutako lehiaketara guztira 53 gazta aurkeztu ziren eta hasieran 14 gazta aukeratu zituzten finalerako epaimahaikideek –25 sukaldari, teknikari eta kazetarik–. Azkenean, Jon Etxeberria zeaniztarraren gaztari eman zioten sari nagusia. Bigarren saria Rikardo Remiro Eulateko artzainarentzat, iazko txapeldunarentzat izan zen eta hirugarrena La Lezea arabarrarentzat.