Orio: galiziar arraunzaleen abegi-herria

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2012ko ira. 9a, 16:36

Chapela arraun elkarteko sortzaile Candido Villar elkarrizketatu du Karkarak

Iraileko lehen bi igandetako ohiko hori kolorea ez da hain nabarmena izan aurtengoan. Orio Kontxatik kanpo geratu izanak (Gara egunkariak Orio txapeldun jarri badu ere) kamiseta horia etxean uztera eraman ditu herritar asko; beste asko eta asko soinean jantzi eta Donostian izan dira, Mirotza bertan ez izan arren zaletuen animoak beste era batera jaso ditzaten.

Tirango jarraitzaileakHala eta guztiz ere, ez da kolore faltarik izan Orion. Izan ere, Galiziako Rianxeira, Tiran eta, batez ere, Chapelako traineruek Donostiako badian jokoan zegoen denboraldiko banderarik garrantzitsuena lortzeko lehian sartu dira eta ondorioz, arraunzale galiziar asko hartu ditu egunotan gure herriak. Txurrukako aterpetxean egon dira gizonezkoen bi taldeetako arraunlari eta zuzendari taldea azken astean eta inguruotako nekazalturismoetan eta Orioko kanpinean hartu dute ostatu zaleek. Naranja kolorea nagusitu da gehienbat, Chapelakoa. Kontxan lehen aldiz sailkatuta historia egin dute eta gogo biziz etorri dira beren taldea ikusi eta animatzera. Lehendik izanak ziren batzuk gurean; aurrenekoz etorri dira beste asko. Candido Villar, esaterako, urteak da Oriora etortzen dela Kontxako estropadak ikustera. Chapela arraun elkarteko sortzaileetako bat eta lehen urte haietako patroia izana da. Gizon berritsua, galiziar independentista eta xelebrea, ezaguna da herrian. Bere bihotzeko taldeaz eta Orion bizi duenaz aritu zaigu.

Candido VillarKarkara: Candido, nolatan sortu zenuten hutsetik hasita Chapela arraun elkartea?

Lagun talde bat baginen, arrantzaleen seme-alabak, nola edo ahala ere itsasoari lotutakoak, festetan eta traineru estropadetan aritzen ginenak. Vigoko itsasadar ingurua ondo ezagutzen genuen orduan ere eta Tiran, Meira...en arraunerako grinaren jakitun ginen. Indarrak hartu eta gure arraun elkartea sortzea erabaki genuen eta, zorionez, ezin hobeto joan zitzaigun dena: traineru bat utzi zigun Meirak eta ondoren bigarren eskuko ontzi bat lortu genuen. Hura konpondu eta harekin ibili ginen Santurtziren ontzia erosi genuenean, bizkaitarrak Espainiako txapeldun izan ziren garaietan. Orduz geroztik asko egin dugu aurrera.

Bazkideen laguntzarekin hasi ginen hasiera-hasieran eta Pescanovak babestu zuen gero gure trainerua. Haren diru-laguntzari esker, materiala erosi ahal izan genuen. Behin batelak eta abar lortuta, adin guztietako arraunlariei egin genien ongi etorria. Sortu eta urtebetera Bermeon jokatutako Espainiako txapelketan izan ziren Chapelako arraunlari gaztetxoak. Oso denboraldi txukuna eta ona egin genuen denok hasieratik, baina batez ere, gazteek. Eta zaleak ere amorratuak ziren, Galiziako zalerik onenak izendatu gintuzten 90. hamarkadan.

Eta nola iritsi zinen ba Oriora?

1987an etorri nintzen lehen aldiz, Chapelarentzako batelak eta trainerillak erostera. Ordura arte Galizian bertan egindako ontziekin genbiltzan, baina kalitate nahiko eskasekoak zirela-eta, hona etorri nintzen Amilibia ontziolara trainerillak erostera eta Olidenenera, arraunen bila. Horrela ezagutu nuen Orio.

Segituan egin nituen lagunak eta Oriorekin nolabaiteko lotura egin nuen. Urte hartan hasita, Kontxako estropadak ikustera etorri izan naiz ia urtero, 25 urtez. Ordura arte entzutez bakarrik ezagutzen nuen Donostiako estropada. Eta Kontxako estropadez gain, Balea Eguna ezagutzen ere izan naiz, bi aldiz, dagoeneko.

Eta gurera etorri izan zara beti?

Bai. Adiskideak egin izanak ere garrantzia du. Eta bidaia merkea ateratzen zait, gainera, kar, kar. Orioko Arraun Elkarteko hainbat arraunlari, zaletu, kide...kin harremana badut (Ibon Urbieta, Amañu, Altxerri, Salsamendi, Orbañanos, Patxi Frances, Aizperro, Xanti Zabaleta, Korta...) eta oso gustura etortzen naiz, gehienetan Kontxako bigarren iganderako, gastua handia da bestela-eta.

Aurtengo edizioa ezberdina izan da baina.

Ikaragarria izan da. Inork ez zuen uste Chapelak Kontxan aritzeko txartela lortuko zuenik. Ligako azken estropadetan Amegrovek aurre hartu zion eta ez zegoen, itxura batean, behinik behin, aukera handirik. Baina sailkatzea ez da kasualitatea izan. Osteguneko sailkapen estropada eta aurreneko igandekoan oso erregularrak izan dira. Bigarren igandean ez zaizkie gauzak nahi bezala atera. Itsaso pixka bat egon izan balitz hobeto ibiliko zen gure ontzia. Chapelako taldea oso arina da eta olatu gainean hobeto moldatzen da.

Zenbat urte daramatza Chapelak Donostiara etortzen?

5 bat urte edo izango dira. Ez dira urte asko. Hona etortzeak gastu asko eragiten ditu. Lana egiteari utzi egin behar zaio (lana duenak).

Balantzan jar ditzagun alde batean hona etortzeko ilusioa eta bestean gastuak. Ilusioak irabazten al du?

Bai, oraindik. Gastuen aldetik, gurasoek asko laguntzen diete arraunlariei, gazteak dira-eta. Hala ere, noiz edo noiz, estropadetako sariak horrelako gauzetarako erabili izan dira, edota ontziren bat erosteko edo...

Datorren urtean ere hemen ikusiko al zaitugu?

Ahal izanez gero, jakina.

Chapelako jarraitzaileak

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide