EHUko Topografiako ikasle Nerea Argote eta Jon Azpirozek ikasketa amaierako proiektuan Orioko hondartzetako hondarraren inguruko azterketa egin dute Jose Miguel Edeso irakaslea tutore dutela. Edesok orain dela 24 urte Orioko hondartzetako datuak jaso zituen eta ondoren, 2009an Ane Lopategik. Orain, berriz, Argote eta Azpirozek hondartzako laginak jaso eta GPS bidezko neurketak eginda hondar aleen tamaina bikoiztu egin dela ondorioztatu dute.
Azterketa ikasleek egin badute ere, Orioko Udalaren laguntzea izan dute hondartzek, Antillakoak batik bat, izan duten bilakaerak kezkatuta. Gainera, Surf Elkarteak eta Herrio Natur Taldeak hondartzen egoera aztertzeko beharra azaldu izan dute askotan. Horren harira bideo hau ere prestatu dute.
Proiektuan klima aldaketa eta gizakiak espigoietan edo dragan izan dituzten eraginak hartu dituzte kontuan eta ondorio nabarmenena izan da hondar aleen tamaina hazi egin dela: 1988an 275 mikrakoa zen tamaina, 2009an 450ekoa eta 2012an 700ekoa. Hondartza on baten tamaina hondar fina izatea kontuan hartuta emaitzek erakutsi dute Orioko hondartzaren kalitatea okerrera doala.
Jendearengan eta noski hondartzarengan izan du eragina hondarraren kalitatea eskastea eta Ikerketa egin duten ikasleek bi hipotesi nagusi dituzte tamaina aldaketa zerk eragindakoa den azaltzeko: batetik, espigoi berriaren inguruan egiten diren dragatze lanen ondorioz sakonera irabazi duela gune horrek eta olatua hausten den lekua aurreratu duenez hondar fin gehiago eramaten duela eta lodiagoa ekarri. Bestetik, espigoi berrien ondorioz korronte guztiak eta olatuen norabidea aldatu egin dira. Baina ikasleek diote, beraien proiektua hipotesi bat dela eta hori gehiago ikertu beharko litzatekeela. Hondarra bera ez ezik hondartza bera ere aldatu da Argote eta Azpirozen arabera; hondartzak hondarra galdu du eta atzeratu ere egin da. Argazkietan besteak beste somatu dute lehen hondartzaren eskuineko harroketan hondar gehiago pilatzen zela eta ezker aldean gutxiago, orain, ordea, alderantziz gertatzen dela.
Besteak beste, nahiz eta zaila den jakin aldaketarako hainbat irtenbide ere proposatu dituzte: muturra botatzea, dragatzeari uztea edo beste era batera egitea, besteak beste.
Ikerketaren eta hondartzaren aldaketen inguruan gertatutakoen berri eman zuten aurkezpenean eta Nerea Argotek eta Jon Azpirozek proiektua bukatu duten arren Orioko hondartzetan azterketarako aukera gehiago dagoela nabarmen gelditu zen.