Argiteria-sistema berritzailea dauka Udal Kanpinak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2012ko ira. 14a, 09:05

Energia elektrikoa aurrezteaz gain, wifia kanpin osora zabaldu du domotika-sistemak

Argiteria sistema berritzailea jarri du Orioko Udal Kanpinak uda honetan, energia elektrikoa aurreztuz eta kanpinaren zerbitzuak hobetuz. Ekainean jarri zuten martxan proiektu berri hori, baina orain eman dute ezagutzera Udal agintariek, sistemaren sortzaile den Luix enpresako arduradunak eta proiektua merkaturatzeko ardura duen Berdin Taldeko ordezkariak.

Luix-ek sortu eta garatutako sistema horri esker, besteak beste, argi-intentsitatea eguzki-argiaren eta orduaren arabera kontrola dezakete kanpineko arduradunek, argiteria-gastua %80 jaitsiz. Jendearen joan-etorriaren araberako programazioa jarri dute martxan, hasiera batean, behinik behin, horrela izango dena: iluntzen hasten duenetik 22:00ak arte %100eko argia emango dute farolek; gauerdira arte %40 murriztuko da intentsitatea; 05:00ak arte %30eko argia emango dute; eta eguna argitu artean, %60ra igoko da, berriz.

BeƱat Solaberrieta alkatearen hitzetan, krisi garai honetan beharrezkoa zaigu gastu arruntak jaistea eta inbertsio txiki hauek egitearen alde dago. Hala ere, Luix-eko ordezkari Felix Ezkurrak gehitu bezala, txikia da inbertsioa kasu honetan, orain arteko argiteria-sarea baliatuta, azpiegitura handirik gabe egin daitekeelako: kontsumo txikiko LED bonbillez ordezkatu dira orain arteko lanparak eta aurretik zegoen sarean aldaketa txiki batzuk eginda nahikoa izan da teknologia berri hauei ongi etorria egiteko.

Wifi sarea

Argiteria-sistema berria Udal KanpineanArgi-intentsitatea neurtzeaz gain, wifia kanpin osora zabaltzeko ere baliatu dute argiteria-sarea. Argi farolek wifi-errepikagailu gisa funtzionatzen dute, eta, hortaz, Udal Kanpineko edozein lekutan erabil daiteke Internet. Kanpineko arduradun Idoia San Sebastianen hitzetan, aldaketa handia ekarri die wifiak, gaur egunean erabiltzaile guztiek eskatzen baitute zerbitzu hori: orain artean, kanpineko harrera aurrean pilatzen zitzaigun jendea, hor bakarrik geneukalako sarera konektatzeko aukera. Orain, aldiz, karabana barruan lasai erabil dezakete Interneta.

Ezkurrak adierazitakoaren arabera, teknologia alorreko sistemarik aurreratuenetarikoa erabili da Orioko kanpinean: sare elektrikoko kablearekin batera eramaten da informazio digitala, eta ondorioz, bestelako hainbat zerbitzu ere eskain ditzake sareak, domotikari esker: esate baterako, wifiaz eta ordenagailu bidezko kontrolaz gain, ahotsa, musika... jartzeko aukera ematen du teknologia honek.

Puntaren puntan

Argiteria eta wifi sistema hori duen Euskal Herriko eta Espainiako kanpinetan lehena da Oriokoa. Solaberrieta alkateak adierazi duenez, Udal kanpina berritzeko eta berpizteko apustuaren baitan kokatu behar da proiektu hau ere. Horrez gain, gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko lagungarri dela ere gehitu du.

Bestalde, Orioren etorkizuna turismoarekin lotzen du udal gobernuak. Orio herri arrantzale izatetik, ekonomia-motorrik nagusiena turismoa izango duen herria aurreikusten dugu. Hortaz, jatorri eta era guztietako turistak erakarri nahi ditugu gurera eta ditugun baliabideak ahalik eta etekin gehiena ateratzeko prestatu behar ditugu. Horren adibide da proiektu hau, dio Solaberrietak. Kanpin ospetsua eta indartsua izan da Oriokoa, eta, puntaren puntako kanpina izan dezagun egingo dutela lan ere gehitu du alkateak, besteak beste,lanpostuak sortuko dituen zerbitzu publikoa dela eta herriko beste gastu publikoak ordaintzeko diru-sarrera izan daitekeela argudiatuz.

Mirian Uranga Turismo zinegotziaren arabera, 2015 urtea bitartean gauzatuko den kanpina biziberritzeko plan estrategikoa martxan jarri du Udalak proiektu hau abiaraziz. Atzetik, ordea, aldaketa gehiago izango dira jakinarazi du: lehen fase honetan, zaharkituta zeuden zerbitzuak berritu dira: zorua, argiteria, wifia...; 2013ko udaberrirako, berriz, bungalowak jarriko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide