Bi jardunalditara jokatu behar zuen denboraldia Orio Arraunketa Elkarteak. Bermeon eta Portugaleten ziren hitzorduak, eta nagusitasunez lortu du urte guztian hainbeste desiotako TKE ligarako igoera.
Larunbatean, irailaren 15ean, Bermeon eman zuten lehen kolpea oriotarrek. Marka ona egin zuten itsaso traketsean oriotarrek –traineru guztien denborak kontuan hartuz gero, TKEko lau ontzi baino ez zituzten aurretik izan–, eta bigarrenari, Zumaiari, 20 segundoko aldea atera zieten. Hirugarren izan zen Santurtzi eta laugarren Amegrove.
Oriotarrak itxaropentsu uretaratu ziren biharamunean Portugaleten, baina irabazteko amorruz, lehenak izan nahi baitzuten play-offean. Horrez gain, Orio B-ko mutilak ere pozik ziren, momentuz haiek ere KAE-1 ligarako txartela eskuan baitzuten.
Berriz ere gidoi bera errepikatu zen eta bezperako ordena berean iritsi ziren traineruak: Orio, Zumaia, Santurtzi eta Amegrove hurrenez hurren. Oriok 19 minutu eta 24 segundoko denbora egin zuen, TKE ligako denborak kontuan hartuz, hirugarren denborarik onena, Kaikuk baino segundo bakarra gehiago behar izan baitzituen 3 itsas miliak betetzen.
Gauzak horrela, Orio eta Zumaia izango dira datorren urtean TKE ligan, eta ondorioz, Orio B KAE-1 ligan izango da. Hala, ospakizunetarako tartea izan zuten atzo, Sarasua jatetxean bazkaldu zuten arraunlariek, langileek eta zuzendaritzakoek, eta, segidan, herritarrek ongietorria egin zieten.
Bideo honetan ikusi dezakezue ongietorrian Josu Indo arraunlariak herritarrei eskainitako hitzak:
Orain hilabete pare bateko deskantsua izango dute seniorrek, eta, bitartean, gazteenekin hasiko dira lanean OAEko kideak.