Irailaren bukaera arte aurkez daitezke lanak 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketan

Irati 2012ko irailaren 20a

Irailaren 28a izango da azken eguna Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean Euskaraz Gazte literatur lehiaketarako lanak aurkezteko. Parte hartzeko bi modalitate izango dira: ipuinak, alde batetik, eta bertso edo olerkiak, bestetik. Idazleak 16 urtetik gorako oriotarrak edo aiarrak izango dira edo, bestela, Orion edo Aian bizi direnak

Orioko Udaleko Euskara batzordeak antolatutako literatur lehiaketaren helburua da idazteko zaletasuna suspertzea Orioko eta Aiako gazteen artean.

Lanak jatorrizkoak, inon argitaratu gabeak, beste lehiaketetan saritu gabeak eta euskaraz idatziak izango dira. Lanen luzera eta gaia libreak izango dira, baina epaimahaiak gaiaren gertutasuna baloratuko du.

Idazlanak titulua besterik ez du izango agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera kartazal itxi bat aurkeztu beharko da barruan egilearen datuak (izen-abizenak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa) jasoko dituena eta kanpoan izenburua.

Sariak honakoak izango dira eta pertsona batek ezingo du sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean:

  • Ipuinak
  1. 300 euro
  2. 200 euro
  3. 150 euro

Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

  • Bertso edo olerkiak
  1.  300 euro
  2. 200 euro
  3. 150 euro

Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

Epaimahaia Orioko Udaleko ordezkari batek, Aiako Udaleko ordezkari batek eta KARKARA aldizkariko kide batek osatuko dute eta sariak hutsik utz ditzake. Bestalde, antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide