Mintzalagun ekimenean parte hartzeko jendea behar da

Irati 2012ko irailaren 20a

Urriaren 10era arte egongo da izena emateko aukera

Ikasturte berriarekin Mintzalagun egitasmoa jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin batera, Praktikatu gurekin! lelopean. Mintzalagun proiektuaren helburu nagusia da kaleetan euskararen presentzia handitzea

Mintzalagun ekimenak euskaraz dakiten pertsonak  euskara ikasten ari direnekin elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Iaz 65 bat lagun aritu ziren Urola Kostan 19 taldetan banatuta.  Aurten ere kopuru horri eutsi eta, ahal bada, handitu egin nahi dute antolatzaileek.  Horretarako, zuen laguntza ezinbestekoa da, euskaldun berri zein euskaldun zaharrena. Astean behin hitzordua egin eta euskaraz aritzea da helburua, diote antolatzaileek. Horrela, euskaraz egiteko ohitura sortzen da, baita maila hobetu ere.

Ekimena abian jartzeko euskara ikasten ari  eta mintzamena landu nahi, jendea ezagutu eta bertako euskaldunen euskara ikasi nahi duten euskaldun berriek eman behar dute izena, baita horiei lagundu eta beren ahalegina saritu nahi duten euskaldun zaharrek ere. Proiektua doanekoa da eta izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da eta honako bide hauek daude horretarako:

  • Urola Kostako AEK euskaltegietan eta Zarauzko Udal Euskaltegian.

  • Telefonoz: 943 13 01 75

  • E-postaz: urolakosta@aek.org

  • Ikastetxeetako idazkaritzetan.

Bestalde, informazio gehiago jaso nahi izanez gero bloga ere badago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide