Irailaren azken ostiralarekin hasiko dira 2012ko sanmigelak Laurgainen. Bi eguneko jaia antolatu du festa batzordeak aurtengorako, urtero moduan, jendea elkartu eta ondo pasatzeko asmoz.
Irailaren 28an
Jai bezperako herri afariarekin berotuko dute giroa ostiralean.Iazko edizioan 80 bat lagun bildu ziren mahaiaren bueltan eta aurten ere antzera izatea espero da. 21:00etatik aurrera, mokaduak –urdaiazpiko tortilla, txorizoa…–, txuleta eta entsalada, gazta eta irasagarra, kafea eta kopa izango dira dastatzeko, 25 euroren truke. Afariaz gozatu nahi duen guztiak irailaren 26a baino lehen eman beharko du izena Iturriotzenean.Behin tripa berdinduta, erromeria izango da afalostean. Goizaldera arte arituko dira soinu-jole eta pandero jotzaileak festazaleak dantzarako animatzen.
San Migel eguna
Egun osorako zeregin eta zer ikusia izango dute laurgaindarrek eta auzora hurbiltzen diren guztiek irailaren 29an, San Migel egunean: goiza ondo hasteko, meza izango da 11:00etan. Hamaiketakoa izango da ondoren: haragi-egosia eta txorizoa eskainiko dituzte. Atzetik, berriz, herri kirolen txanda izango da. Egurra mozten eta harri jasotzen, Landarbide eta konpainiaren arteko erronka ikusi ahal izango da. Ostolaza eta Andonegi trikitilarien erritmoan arituko dira kirolariak lanean.
Arratsaldean, aldiz, mus txapelketa izango da Atseden-Toki elkartean. 16:00etatik 16:30era bitartean, Atseden-Tokin bertan eman beharko da izena karta jokoan parte hartzeko.Ostolaza eta Andonegiren trikiti soinuekin bukatuko dira aurtengo San Migelak. 23:00etatik aurrera izango da hori.