Asteburu honetan izango dira Orioko 5. gazte festak

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko irailaren 27a

Festak antolatzeko lanetan dabiltzanek programa txukuna osatu dute beste urtebetez. Aldaketak izango dira eta, besteak beste, kalez kale ibiliko dira lehen egunean "bota ura" egiten

Aurtengo Gazte Festetan aldaketa handiak ez dira izango, baina bai nabarmenak. Piraten danborrada kentzea erabaki duten arren, bertan izaten ziren musikariek larunbat arratsaldeko giroa goxatuko dute, txaranga osatu eta kalez kale musika joaz.

Danborrak astindu ordez, bota ura oihukatuz ibiliko dira kalez kale. Tabernetara karro batean eramango dituzten bainu-batak jantzita sartuko dira txukun txukun. Horrez gain, paella lehiaketari, txirigotei eta baltsa karrerari eutsi diete –azken hori, aurten ere gaztetxetik herrira egingo da–.

Orioko Udala DYAren zerbitzuaz, txosnaz, errepidea mozteaz eta komun publikoa jartzeaz arduratuko da. Bestalde, gastuei aurre egiteko, koadrila bakoitza zozketarako errifak saltzen ari da. Galerna jatetxean mariskada bat eta Aterpe tabernan asteburuko menu berezia dira sariak. Zozketa eguna irailaren 30ean, baltsa karrera bukatzean, izango da, baltsa karrera bukatu ondoren. Zenbaki bakoitza euro batean erosi daiteke.

Errepide mozketa

Gazte Festa dela eta, Herriko Plaza itxi egingo da ibilgailuentzat, irailaren 28ko 16:00etatik 30eko 20:00ak arte.

Trafiko aldaketak hauek izango dira:

• Herriko sarrera Kaia kaletik izango da.

• Herriko irteera Txanka-hondartza bidea erabiliz egin beharko da.

• Herritarroi kolaboratzea eta arau hauek betetzea eskatzen dizue Udalak.

Programa

Irailak 28, ostirala
18:30 Festen hasiera: baldekazua eta bota ura
Ondoren Argazkia plazan
23:00 Kontzertuak: Blaka eta Willis Drummond

Irailak 29, larunbata
12:30 Paella lehiaketa
14:30 Herri bazkaria
Ondoren Txirigotak, jolasak eta poteoa txarangarekin
23:00 Kontzertuak: Fly Shit eta Fun & Go

Irailak 30, igandea
06:00 Aulki-jokoa eta diana, gaupaseroen omenez
17:00 Baltsa karrera
Ondoren Gazte festetako errifen zozketa
Atzetik Kontzertua: Ri ta Karre
Bukatzeko Kixkurneren jaitsiera

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide