Blanca eta Maribel Bruño enpresariek ETAri euren borondatez dirua eman izanaren frogarik ez dago. Hori da Auzitegi Gorenak bere sententzian esan duena, eta, ondorioz, absoluzioa era ofizialean jaso dute ahizpa oriotarrek. Uztailaren erdialdean Goreneko fiskalak zigorrari bere horretan eusteko eskatu zuen Blanca eta Maribel Bruñorentzat. Hala ere, Carlos Granados Perez, Joaquin Gimenez Garcia, Miguel Colmenero Menendez de Luarca, Luciano Varela Castro eta Antonio del Moral Garcia epaileek osatutako epaimahaiak atzera bota du Auzitegi Nazionalak bere garaian jarritako zigorra.
2003 eta 2006 urte bitartean ETAri 6.000 euro eman izana egotzita, Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta hiru urte eta sei hilabeteko erabateko inhabilitazioa ezarri zien Bruño ahizpei 2011ko uztailaren hasieran. ETAk estortsionatuak izan direla salatu dutenen artean zigorra jasotzen lehenak izan ziren Blanca eta Maribel Bruño.