Mende erdi da Aranzadi Zientzia Elkarteko Felipe Aranzadi, Jabier Migliazzio eta Juan Kruz Bikuñak Altxerriko kobazuloko grabatuak aurkitu zituztela. Aurkikuntza haren garrantzia azpimarratzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Aiako Udalak urteurrenerako.
Bihar, asteartea, urriaren 9an, inauguratuko dute, hain zuzen ere, Altxerriko kobazuloa ardatz hartuta Aiako Kultur Etxean ikusgai izango den erakusketa. 19:30ean izango da inaugurazio ekitaldia eta Altxerriko kobazuloa: Historiaurreko altxor ezezaguna Aiako lur azpian hitzaldia egingo du Diego Garatek. Ondoren, urriaren 28ra bitartean egongo da ikusteko aukera 09:00etatik 12:15era eta 15:30etik 19:15era astegunetan eta 11:30etik 14:00etara aste bukaeretan. Leizeari berari buruzko historia eta horrenbeste urtez
ezkutuan izan duen edukia jasoko dituzte erakusketan bertan egongo diren askotariko lanek.
Kobazulo barruan hainbat margo eta grabatu daude, eta besteak beste, bisonteak, elur-oreinak, ahuntzak, zaldiak eta arrainak aurkitu dituzte, baita orein bat, hartz bat, suge bat... Margorik aipagarriena gorriz margotutako 5 metro luzeko bisontea da, Europan denik eta handienetarikoa. Horiek guztiak ikusi ahal izango dira, hain zuzen ere, erakusketan jarriko dituzten erreprodukzio eta panelen bidez.
Tailer didaktikoak ere antolatu dituzte aste barruan ikasleentzat eta aste bukaeretan familientzat. Bisitariek, modu aktiboan, Historiaurrean murgiltzeko aukera izango dute: silex lanetan, haitzuloetako margoetan, lepokoak egiten… Izena emateko aurrez Kultur Etxera deitu behar da: 943 13 09 24.
Omenaldiak
Azaroaren 8an jai berezia izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian Altxerriren urteurrenaren harira. Batetik, W.Herzog alemaniarraren Cave of Forgotten Dreams–La Cueva de los Sueños Olvidados– dokumentala aurkeztuko du Juan Luis Arzuaga paleontologoak. Frantziako Chauvet kobazuloko
irudi ikusgarriak jaso zituen Herzogek bere kamerarekin. Gainera, Oreka Tx-ek, harrizko txalaparta batekin, eta Juan Luis Goenaga margolariak performance bat egingo dute musika eta pintura uztartuz.
Ekitaldi horretan omenaldirik ere ez da faltako. Lehenengo kobako irudiak aurkitu zituzten Aranzadiko kideak omenduko dituzte. Gero, Jean Clottes arkeologoari egingo zaio gorazarre, Ekaingo eta Santimamiñekoekin batera, Altxerriko kobazuloak ere Giza Ondare izendapena jasotzeko lan handia egin duelako. Altxerri da, hain zuzen ere, Giza Ondare izendatutako Euskadiko hiru koben artean ezezagunena adituak baino ez direlako sartu. Kortezubiko Santimamiñera sartu da jendea eta Debako Ekainen erreplika ikusgai dago.
Bestalde, gaian adituak diren Aranzadiko kideek egindako Altxerriri buruzko liburua ere argitaratuko dute