Arraun-denboraldia bukatuta, seigarren urtez jarraian topaketa egin dute emakume arraunlariek, Orion aurtengoan. San Juango, Zumaiako, Ondarroako eta Orioko arraun taldeetako neskak elkartu ziren larunbat goizean goiz, eta dantzan ekin zioten egunari, aerobika egin baitzuten plazan. Bestelako jolasak ere ez ziren falta izan goizean zehar, nesken ingurura gerturatu zirenen artean barre-algarak eraginez. Kantuan, haurren motoekin aldapan behera lasterketan eta altxorraren bila.
Behin girotuta, txikiteoan ibili ziren eta gero taldeko argazkia atera zuten udaletxe aurrean banderarekin. Balea elkartean bazkaldu, eta berriz ere kantuari eta dantzari ekin zioten, trikitixa doinuak lagun zituzten. Izan ere, Ander Beldarrain soinuarekin eta Julen Alonso panderoarekin izan zituzten lagun, bai elkartean, eta baita ondoren, kalean ere.