Egaña eta Lujanbiorekin bertso afaria izango da Goiko Kaleko festetan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko urriaren 10a

Urriko bigarren astebukaeran, 12tik 14ra bitartean, izango dira aurtengo Goiko Kaleko festak. Urteroko ekitaldi gehienei eutsi diete antolatzaileek eta bertso afaria izango da berrikuntza nagusia

Urriko bigarren astebukaeran izaten dira Goiko Kaleko festak, eta, aurten, urriaren 12, 13 eta 14an ospatuko dituzte Pilliku inguruan.

Txikienentzako jolasekin hasiko dituzte jaiak. Herri kirol jolasak izango dira Pilliku plazan 17:00etatik aurrera; ondoren,  19:30ean, buruhandiak etorriko dira. Atzetik, festei hasiera emango dien ekitaldia izango da, 20:00etako kanpaiekin batera: Atera trapuak ekimena egingo dute. Gauean, urteroko bingo saioaz gain, Leandro Yaku eta Fabiana Boerr argentinarrek osatutako A mano alzada bikote akustikoaren kontzertua izango da. Folklore argentinar garaikidearen doinuak eskainiko dituzte.

Larunbata ere ekimenez beteta etorriko da: azoka, Bertsolharitza haurrentzako emanaldia, kronoigoera, zinta karrera, txokolate jana eta bertso afaria izango dira. Igandeko bazkaria eta larunbateko bertso emanaldia egin ordez, biak batu eta Egaña eta Lujanbiorekin bertso afaria osatu dute antolatzaileek urriaren 13rako. Kolon Txikin daude salgai sarrerak eta soberakinak, urriaren 12an betan jarriko dituzte salgai festetako tabernan. Sagardotegiko menua izango da afaritarako eta txartelen salneurria 25 eurokoa da.

Igandean, eguna esnatzeko txistularien diana izango da, 11:00etan. 12:00etan, berriz, urteroko eran, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak eta kantu jira kalez kale ibiliko dira. Aurtengo festak goxo-goxo bukatzeko, 12:30ean hasita, patata tortilla lehiaketa egingo da.

Festa programa osoa ikusteko, klikatu hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide