Urola Kostako Udal Elkartean sukaldean erabilitako olioa gaika biltzen denez, Ekograsek eta Urola Kostako Udal Elkarteak kanpaina bat egingo dute, etxean erabilitako olioa birziklatzea sustatzeko. Kanpainaren aurkezpenean olioa gaika bildu eta birziklatzeak onura handiak dituela esan dute, izan ere, bio-diesela egiteko erabiltzen da. Bio-diesela bigarren belaunaldiko erregaia da eta egiteko olio hondakinak baizik ez dira erabiltzen. Beraz, oso garrantzitsua da erabilitako olioa gaika biltzea, gero birziklatzeko. Gaika bildu eta birziklatzen ez bada, zabortegira botatzen edo etxeko arraskatik behera botatzen dela ere gogoratu dute, horrek dakartzan kutsadura eta saneamendu arazo guztiekin.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako biztanleak etxean erabilitako olioa birziklatzeko kontzientziatuz olioa gaika biltzea sustatu ez ezik horrela egiten duten herritarren ahalegina ere sarituko dute, hilero bi lagunentzako bina bazkari/afari zozketatuko baitituzte.
Horretarako, hainbat ekimen egingo dituzte:
- Irrati tarteak: Sukaldean erabilitako olioa duzu eta ez dakizu harekin zer egin? hitzekin hasiko da kanpainako irrati bidezko iragarkia.
- Esku-orriak: eskualdeko postontzi guztietan esku-orria banatuko dute urriaren 16 eta 17an olioa gaika biltzeak ingurumenari dakarzkion onurak azalduz: nola birziklatu, zer egiten den bildutako olioarekin, kaleko edukiontziak non dauden...
- Zozketa: Esku-orriarekin batera 12 itsasgarri edo pegatina banatuko dituzte. Olioaren edukiontzian uzten dugun ontziari itsasgarria jarri behar zaio, izen-abizenak eta telefonoa idatzita. Hilero bi lagunentzako bi bazkari edo afari zozketatuko dituzte –eskualdeko jatetxeetan–. Lehen zozketa urriaren amaieran izango da. Horrela, bide batez, eskualdeko jatetxeek olioa gaika biltzen azken urteotan egin duten ahalegina ere eskertu nahi dute kanpainaren bultzatzaileek.
Kanpaina hasi berri da eta urriaren 31ra arte egongo da indarrean.