Garun gimnastikari buruzko hitzaldia izango da gaur Kultur Etxean

Irati 2012ko urriaren 16a

Irkus Fernandez funtsezko terapeutak egingo du saioa

Garun Gimnastika –Brain Gym – ezagutza indartzeko eta norberaren gaitasun edo ahalmenak garatzeko mugimenduak dira, eta, horiek izango ditu, hain zuzen ere, hizpide Irkus Fernandez funtsezko terapeutak gaur, urriaren 16an, 18:00etan Orioko Kultur Etxean egingo duen hitzaldian.

Irkus Fernandezen hitzetan honakoak dira garun gimnastikaren onurak:

  • Lateralitatearen zentzua ahalik eta gehien garatzea.

  • Idazmena garatu eta hobetzea.

  • Gorputzaren zentzumenak koordinatzen ikastea.

  • Arreta lantzeko ahalmena hobetzea.

  • Entzumen ahalmena handitzea.

  • Oreka gaitasuna ahalik eta ondoen kontrolatzen ikastea.

  • Memoria handitu garatzea.

Garun gimnastikari buruzko argibideak eman eta asmoa da talde txikian sortzea astero ordu eta erdiko saioetan praktikatzeko. Horretarako 70. hamarkadan Paul Dennison doktoreak sortutako metodoa baliatuko du. Dennisonek sentimenak eta ezagutza berrien integrazioa eta asimilazioa errazteko mugimendu batzuk sortu zituen, kontuan izanik gorputza eta burua banaezinak direla eta mugimendurik gabeko ezagutzarik ez dagoela, azaldu du Irkus Fernandezek.

Metodo hau umeentzako oso baliagarria dela ere gaineratu du, bizitzaren gorabeherek eragina dutelako denongan modu positibo zein negatiboan eta horrek sortutako estresak ziurtasunik eza eta ezinegona sortzen du eta horrek haurrei modu berezian eragiten die. Sarritan umea bere blokeoaz konturatzen da eta egoera aldatzeko laguntza eske mezuak bidaltzen dizkigu inkontzienteki. Hiperaktibitatea, izaera barnerakoia, interesik eza, nagikeria, agresibitatea… tratamendu zehatzak behar dituzten kasuen adierazle besterik ez dira, dio Fernandezek.

Hain zuzen ere, hori da garun gimnastikaren bidez lortu nahi dutena, mugimendu arrunt eta dibertigarrien bidez jokabide, emozio eta buruko alderdi ezberdinak integratzen laguntzen duten konexio berriak sortzea.

Azalpen horiek zehatzago jaso nahi izanez gero, Kultur Etxera jo beharko dute interesatuek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide