Aurreko ostegunean, urriaren 11n, EAJko eta EH Bilduko politikariak Orion izan ziren. Bakartxo Tejeria eta haren taldea etorri ziren goizean. Ordezkaritza jeltzalea Bakartxo Telleria, Alex Etxeberria, Maribel Vaquero eta Ane Urkiola legebiltzarrerako hautagaiak, Arantza Tapia, Madrilgo kongresuko diputatuak eta Jon Redondo k osatu zuten.
Lehenik teknifikazio zentroa bisitatu zuten eta jarraian San Nikolas Kofradiaren aurrean elkartu ziren. Egun duen arriskuagatik itxita dagoen eraikuntza historikoaren kanpoaldean arrantzaleen elkarteko idazkariarekin, Ane Urangarekin, solasean aritu ziren eta egoitzaren gaur egungo egoera jasotzen duen txostena eman zien Urangak EAJkoei. Estatuko Kosta legea medio, eraikuntza berritzeko eginda daukaten eskaera atzera bota dietela adierazi zien Urangak. Arantza Tapiak agindu die Madrilgo Kongresuan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro ministroarekin, Miguel Arias Cañeterekin, elkartuko dela gaia nola dagoen jakiteko.
Orioko bisita plazan amaitu zuten, azokan EAJk jarrita zuen kanpainako mahaian, han gozokiak eta bestelako jan-edanak dastatzeko aukera eman zieten gerturatzen zirenei.
Iluntzeko 19:30ean EH Bildukoek argazkia atera zuten Orioko plazan –Euskal Herriaren forman eserita atera zuten argazkia–. Orioko, Getariako, Zarauzko eta Aizarnazabalgo alkateak eta Urola Kostako Mankomunitateko presidentea izan ziren bertan.
Segidan, 130 inguru lagunek bete zuten Kultur Etxeko areto nagusia. Ibai Esoain istorio kontatzen, Egoitz Eizagirre bertso kantatzen eta Amaia Gutierrez biolina jotzen izan ziren besteak bestek. Baina protagonistak beste batzuk izan ziren, politikariak.
Gipuzkoako zerrendako lehen bost hautagaiak izan ziren bertan, baina Rebeka Uberak eta Marian Beitialarrangoitiak hartu zuten hitza Beñat Solaberrietaren hizketaldia eta gero. Rebeka Uberak subiranotasuna izan zuen bere hitzaldiko ardatz nagusitzat. Atzetik, Beitialarrangoitiak, alokairu sozialen beharra, ingurumenarekiko kezka eta turismo propioa, identitarioa, bultzatzeko nahia azaldu zituen.
Hala, bi alderdiek datozen hauteskundeetan herritarrei bozkatzeko eskatu diete. Igande honetan izango dira hauteskundeak, urriaren 21ean.