Urtero bezala, euskara ikasteko ikastaroak antolatu ditu aurten ere Orioko Udaleko Euskara Batzordeak Urola Kostako AEKrekin elkarlanean. Matrikulazio-kanpaina bukatuta, aspaldiko partez, bi talde osatu dira euskaltegian: Euskalduntze 0 mailakoa, euskaraz ikasten hasi nahi dutenentzat; eta Alfa-EGA mailakoa, alfabetatu eta EGA titulua ateratzeko asmoa dutenentzat.
Euskalduntze 0 maila
Astean lau egunez elkartzen dira euskalduntze 0 mailako ikasleak: astelehenetik ostegunera, 19:00etatik 21:00etara. Aitor Urbieta irakasle dutela, Orioko Herri Ikastolako gela batean aritzen dira euskara ikasten.
Alfabetatze-EGA maila
Alfabetatzen-EGA mailakoak, aldiz, astean hiru egunez aritzen dira euskaraz trebatzen: astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara. Amaia Zalduak irakasten dizkie euskararen arauak eta sekretuak, Ikastolan baita ere.
Jende gehiago hartzeko prest
Bi taldeak, Euskalduntze 0 eta Alfabetatze-Ega, txikiak direla-eta, 7 bat lagunekoak, ikastaroetan izena emateko aukera zabaldu dute antolatzaileek. Hortaz, norbaitek euskara ikasteko gogoa eta nahia balu, oraindik tokia badago eta eskola egunetan Ikastolara azaldu besterik ez du egin behar. Udaleko Euskara Zerbitzuan ere eman dezake izena, nahiago duenak.