Festa giroa izan da aste bukaeran Goiko Kalen. Txikienak hasi ziren jolasekin eta Kulkik ekarritako euskal jolasetan aritu ziren: lokotxak biltzen, trikimakoen gainera igota, lasto fardoa eta gurdia altxatzen… Buruhandiek jai girora gerturatu zituzten gaztetxoak ez ezik baita helduak ere eta musika eta kantuen doinuekin koloretako trapuak atera ondoren, irekiera ofiziala eman zioten garai bateko sagardotegian jarri zuten tabernari.
Pintxo eta tragoak hartu ez ezik gaztaren pisua zeinek asmatu apustuan ere ibili ziren, ostiral gauean ez ezik baita larunbateko bertso afarian ere. Ostiraleko apustuak ez ziren hortan gelditu jokorako gogoarekin zirenek bingorako aukera ere izan baitzuten. Gaua borobiltzeko A mano alzada talde argentinarraren folkloreak jantzi zuen Goiko Kalean jendez beteta zegoen taberna.
Larunbat goizean barazki, arropa, bitxi, janari eta beste hainbat kontu izan ziren ikusgai eta salgai azokan. Jendea gerturatu zen eta baita etxera poltsa beteta joan batzuk ere.
Arratsaldean berriz ere umeek hartu zuten Goiko Kale. Umeek eta bizikletek. Izan ere, kronoigoeran lehenengo eta zinta karreran gero, abil ibili ziren neska-mutikoak. Nekatu ondoren, eseri eta Bertsolharitza antzerkia ikusita berriz txokolatea janez indarrak hartu eta tokan jolastu zuten.
Gauerako Bertso afaria zegoen iragarrita eta batzuk azken orduan animatu baziren ere, sagardotegia bete egin zen. Sagardotegiko menua jan eta Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak giro polita jarri zuten umore bertsoekin. Goiko Kaleko patata tortilla lehiaketa askotan aipatu zuten eta hurrengo egunean, hain zuzen ere, 10 tortilla inguru izan ziren epaimahaikoek probatzeko.
Jendea eta jai giroa ez zen falta izan eta aste bukaera guztian lanean pasa ondoren, Goiko Kaleko antolatzaileak pozik zeuden festek izandako erantzunarekin.
Hona hemen Goiko Kaleko festetako hainbat argazki.