Arrandegietan ontziak erabiltzeko kanpaina jarri dute abian

Irati 2012ko urriaren 19a

Papera eta plastikozko poltsak gutxitzea da helburu nagusia

Urola Kostako Udal Elkarteak, Kutxa Ekoguneak, eskualdeko bost udalek eta 23 arrandegik –eskualdeko guztiek– Ontziratu zaitez! kanpaina jarriko dute abian arrandegietan erabiltzen diren paperak eta plastikozko poltsak murriztu eta ontzi edo tuperrak erabiltzea bultzatzeko. Horretarako, 13.500 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte guztira Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Kanpaina honen bidez, arraina erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi dute. Erosketa horiek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen delako, arraina paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa batean edo bitan sartzen baitira ondoren. Herritarren portaera egokia saritzeko erosketak ontzi edo tuperra erabiliz egiten dituen erabiltzaileari zozketarako txartel bat emango zaio eta arrandegi bakoitzak hilero 30 euroko erosketa-bale bat zozketatuko du.

Ekimenak hiru helburu dituela esan zuten kanpainaren aurkezpenean:

  • Erosketak erosoagoak izatea: erosleek behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako eta modu garbian gainera.

  • Saltokientzako kostu murrizketa: ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.

  • Hondakin gutxiago sortuko denez, ingurumenarentzat positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle.

Horretarako, herritarrei ontziak banatuko dizkiete doan eta gero, arraina tuperra erabiliz erosten duenari zozketa batean parte hartzeko txartela emango diote. Ontziak honako toki eta orduetan banatuko dituzte:

  • Aia

Azaroak 5, astelehena, 11:00-13:00, Aiako plazan

Azaroak 8, osteguna, 16:00-18:00, Aiako plazan

Santio eta San Pedro auzoetako bizilagunek Orion hartu ahal izango dituzte ontziak eta Elkano eta Urdaneta auzoetakoek Zarautzen.

  • Orio

Azaroak 6, asteartea, 16:30-19:30, Herriko Plazan

Azaroak 8, osteguna, 9:00-13:00, Herriko Plazan

  • Zarautz

Azaroak 8, osteguna, 16:30-19:30, Araba kalean (esne makinaren ondoan)

Azaroak 10, larunbata,10:30-13:30, Lege Zaharren enparantzan

Parte hartuko duten arrandegiak:

  • Aia: Karlos arrandegia
  • Orio: Lourdes arrandegia, Carmen arrandegia, Txomin arrandegia

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide