EAJk jaso ditu botorik gehien Aian eta Orion

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2012ko urr. 21a, 19:15

EH Bildu izan da bigarren indarra eta abstentzioa %33 ingurukoa izan da

Lau urtez Jaurlaritzako aginte-makila PSE-EEren eskutan izan ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, 383.565 boto jasota. EH Bildu izan da bigarren, 276.989 botorekin; PSE-EE hirugarren, 211.939 botorekin; PP ondoren, 129.907 botorekin; eta UPD izango da legebiltzarkidea (1) izango duen beste alderdia, 21.472 boto jasota.

Bai Aian eta baita Orion ere EAJk jaso ditu botorik gehien, EH Bildu oso gertu izan badu ere. Horrez gain, bi herrietako joerak ber-berak izan dira. Izan ere, 497 aiarrek egin dute jeltzaleen aldeko apustua (597 ziren 2009an); eta 448 boto jaso ditu EH Bildu koalizioak. Orion, berriz, Bilduk baino 300 boto gehiago JASO ditu EAJ: 1302 (1334 ziren 2009an) boto jeltzaleek; 1030 boto EH Bilduk. Bi herrietan behera egin du alderdi jeltzaleak.

Gainerako alderdiei erreparatuta, ez da aldaketa handirik izan aurreko Legebiltzarreko Hauteskundeetatik (2009) hona: PPk eta UPDk banatu dituzte Aian PSE-EEk galdutako 5 botoak. Orion, berriz, behera egin dute UPDk, PPk eta batez ere, PSE-EEk: 3 boto gutxiago(5etik 2ra) ditu UPDk, 4 gutxiago (59etik 55era) PPk eta 100 bototik gora galdu dituzte sozialistek: 288tik 175era. Horiek dira datuak legebiltzarkideak lortu dituzten alderdiei dagokienez.

Beste alderdi edo talde batzuek ere jaso dituzte botoak gurean: 10 boto Eb-Az-k, 9 IU-LVk, 7 boto EQUOk, 4 EBk (13 boto jaso zituen 2009an) eta 3 PACMA/ATTKAk, Aian; 46 boto IU-LVk, 32 Eb-Az-k, 29 EBk (70 boto jaso zituen 2009an), 14 EQUOk, 5 PACMA/ATTKAk, 3 PUM+Jk, 1 PHk.

Abstentzioari dagokionez, %33,66koa izan da Aian eta %32,57koa Orion.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide