Aste honetarako antolatu du Errikotxia bertsozaleen taldeak bertso astea ikasturte berria hasteko. Orion hasi eta Aian bukatuko dira ekitaldiak.
Asteazkenean, urriaren 24an Leterekin kantuberbetan Xabierren interpretazio bat kantaldi mintzatua eskainiko du Jon Sarasuak 19:30ean Orioko Kultur Etxean. Urriaren 26an, ostiralarekin, bertso saioa izango da Kalakari tabernan 23:00etan. Saioan Nafarroako eta Orioko bertsolariak arituko dira: Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Oskar Estanga, Iñaki Gurrutxaga, Egoitz Eizagirre eta Unai Manterola.
Larunbatarekin Aiak hartuko dio lekukoa Oriori. Urriaren 27an Galtzagorriei To! Inaxito bertso antzerkia egingo dute Aiako frontoian, arratsaldeko bostetan. Gauean, 21:30ean bertso afaria izango da Alkar soziedadean. Han arituko dira Martin Rezabal Olaso, Aitzol Barandiaran eta Anjel Larrañaga bertsolariak. Larunbat eguerdira arte, txartelak salgai egongo dira Iturriozena eta Loretxu tabernetan, 18 euroren truke.
Bestalde, Errikotxiatik jakinarazi nahi dute, datorren hilean jarriko dutela martxan bertso eskola. Azaroaren 8an hasiko dira, eta ostegunero 19:30etik 21:00etara bitartean bertsotan arituko dira Kosta Tailerretako lokalean, Orion. Beraz, badakizue, bertsotan aritzeko gogoz zaudeten aiar eta oriotarrak azaroaren 8an bertara azaldu besterik ez duzue, zain gauzkazue!