Eskolako baratzea egitasmoa orain bi urte jarri zuen martxan Zaragueta Herri Eskolak. Baratzea, aurreko belaunaldietan ohiko jarduera zen, eta Zaraguetan gurasoek galdua dutela ikusten zuten: gaur egun Orion badira baratzeak, eta aitona-amonek jarraitzen duten jarduera hori haurrei transmititu nahi genien. Eskolan baratzea izateak horretarako aukera polita eskaintzen zigula pentsatuz hasi ginen martxan, esan digute Zaraguetako klaustrokoek.
Horrez gain, elikadura osasuntsua izatearen garrantzia azpimarratu nahi zuten eskolan, eta bide batez haurrak taldeko lanean jardutea. Izan ere, LHko 2. zikloko ikasleak lau taldetan banatuta joaten dira baratzera. Horretarako, ostiraletan tailerrak izaten dituzte, eta horietako bat baratzeko lanak egitearena da. Bi talde aritzen dira hiru ordu laurdeneko bi txandatan banatuta eta tailerraren arduraduna Eli Aldabaldetreku da, musika irakaslea.
Ikasleen lana, batez ere, landareak landatzea, ureztatzea, belar txarrak kentzea, neurketak egitea –bankadak neurtu plastikoa erosteko adibidez–, gaitzak sortzean konponbidea bilatzea… Baratzeko produktu guztiak ekologikoak dira eta garaian garaikoa landatzen dute.
Aurten, udazkeneko landaketak egin dituzte dagoenerako: brokolia, azalorea, aza… baina untxiek astebetean dena jan zuten. Orain landaketa guztiak geldituta dituzte, gurasoek dena taxutu arte. Taxutzean zerba, espinaka, eskarola, azenarioa, erremolatxa, tipula eta porrua landatuko dituzte. Baratzeak emandakoa, eskolako sarreran jartzen dute behin jasotakoan, eta haurrek ilusio handiz etxera eramaten dituzte, kontatu digute klaustrokoek.
Ikasturtea hasten denerako ezinbestekoa izaten dute gurasoen laguntza, lanerako lurra prest izateko: belar txarrak kendu, bankadak prestatu… Aurten oso erantzun ona jaso dute eta zazpi guraso animatu dira. Klaustrokoek eskerrak eman nahi dizkiete gurasoei, haien laguntzarik gabe ezingo litzatekeelako ekimen polit hau aurrera atera. Eskerrik asko Juanjo idigoras, Idoia Urrutia, Hector Gonzalez, Ana Lopez, Javi Quintanilla, Marijo Aparicio, Rafa Gonzalez de Txabarri, Iñaki Bernedo eta Jon Iradiri.