Bizitza sozialeko hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzeko Kaleko zerbitzua jarri dute martxan

Irati 2012ko urriaren 24a

Udalek eta Udal Elkarteak kalean eragin nahi dute Urola Kostako herritarren hizkuntza eskubideak betearazten lagunduz

Urola Kostako Udal Elkarteak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin elkarlanean, Kaleko Euskara Zerbitzua aurkeztu berri du. Zerbitzu horren helburua da euskararen erabilera bultzatzea bizitza sozialeko hainbat esparrutan. Udalek eta Udal Elkarteak kalean eragin nahi dugu, Urola Kostako herritarren hizkuntza eskubideak betearazten lagundu. Horretarako, euskara teknikarien lanaren osagarri izango den zerbitzua jarri dugu martxan kaleko erabileran begia jarrita, adierazi dute zerbitzuaren aurkezpenean.

Zerbitzu berriak eskualde osoan egingo du lan asmo, irizpide eta ekintza antzekoekin. Horretarako Udal Elkarteak hiru langile kontratatu ditu: Lore Esnal, Jaione Larrarte eta Julio Lopez. Eragin esparruak ere herri guztietan berberak izango dira, beti ere, herrietako egoera soziolinguistikoari egokituta: merkataritza, kirola, aisialdia…

Lehena merkataritza

Dagoeneko, Udal Elkarteak eta Udalak lanketa esparrua definitu dute: merkataritza. Ez da, ordea, bakarra izango, pixkanaka beste esparruetara zabaltzen joango baita dinamizatzaileen lana. Kaleko euskara zerbitzuaren lehenengo ahalegina merkataritza alorrean euskararen erabilera neurtzeko eta hobetzeko proposamenak egitea izango da eta aste honetan hasiko dira bisitekin. Merkataritzako establezimendu guztiak bisitatuko ditugu –ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak–, egitasmoaren berri eman eta  zerbitzuaren eskaintza aurkezteko.

Bisita horietan zerbitzuen katalogoa eskainiko dute eta bisiten lehen helburua establezimendu horietako ageriko elementuetan euskararen erabilera normalizatzea da. Ondoren, establezimenduei beste tresna eta zerbitzu batzuk eskainiko dizkiegu, bezeroei zerbitzua osorik euskaraz eskaini ahal izateko eta, ondoren, euskaraz lan egiteko. Bide horretan Kaleko Euskara Zerbitzuak laguntza eta hainbat tresna eskainiko dizkie eskualdeko establezimenduei.

Katalogo horren baitan honako baliabideak daude:

  • Ageriko elementuak euskaraz jartzeko aukera

  • Idazki ereduak (entrega-agiriak, fakturak, ordainagiriak...)

  • Ikastaroak eta oinarrizko materiala ostalarientzat eta dendarientzat

  • Itzulpenak egin eta zalantzak argitzeko zerbitzua

  • Diru-laguntzen informazioa

Merkataritzarekin hasi badira ere esparru gehiago landuko ditu Kalekok. Horretarako webgunea jarri dugu martxan herritarrei bost udalerrietako euskararen inguruko albisteak eta informazioa bateratuta emateko. Webgunearen baitan izango dira baita ere euskararen inguruko albisteak, euskararen inguruko ekitaldi eta informazioen agenda, merkatarientzako zerbitzuak eta eskaerak internetez egiteko aukera eta euskaraz idatzi eta lan egiteko tresnak.

Herritarrei hizkuntz eskubideen gaineko laguntza ere emango diete webgunearen bidez. Izan ere, egunerokoan nahiz eta euskaraz bizitzeko nahia izan, ez da beti erraza jasotzen ditugun zerbitzu edo produktuetan edo izaten ditugun harremanetan euskaraz aritzea. Eta, ez da erraza, gure hizkuntz eskubideak zaintzen etengabe aritu beharra. Hori dela eta, Kaleko Euskara Zerbitzuak gisa horretako gorabeherak konpontzen laguntzeko zerbitzua eskainiko die herritarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide